Apirilaren 10ean zabalduko da errenta-aitorpena egiteko epea

a eta b: Bizkaiko Foru Aldundia 2024ko mar. 14a, 12:35

Apirilaren 10etik ekainaren 28ra arte izango da pertsona fisikoaren errentaren gaineko zergaren (PFEZ) 2023ko ekitaldiko aitorpena aurkezteko epea. Hiru bide egongo dira aitorpena aurkezteko: aurrez aurre, telefonoz eta baliabide digitalen bidez; gainera, hiru bide horien bitartez ere laguntza jaso ahalko da, eta zalantzak argitu. Era berean, Foru Ogasunak aitorpen-zirriborroa bidaliko die zergadunei, 2023ko datu ekonomikorik izanez gero.

Zirriborro horretan jakinaraziko da aitorpena aurkeztu behar den edo ez, zergak ordaintzeko aukerarik onena zein den eta behin-behineko emaitza; datu ekonomiko guztiak izan ezean, ez da agertuko ez behin behineko emaitza, ez zergak ordaintzeko aukerarik onena. Jakinarazpenarekin batera, Bak gakoa aktibatzeko kodea jasoko dute identifikazio digitaleko sistema hori ez dute pertsonek. Ordezkaritza-gakoa ere jasoko da, norbaitek izapideak bere izenean beste pertsona batek egitea nahiko balu ere. Jakinarazpenak apirilaren 10etik aurrera eskuratu ahalko dira egoitza elektronikoaren sarrera-ontzian, eta postaz ere bidaliko dira apirilean.  

Izapideak modu digitalean egiteko, www.bizkaia.eus/eu/errenta- webgunera jo behar da, edo gailu mugikorretan Renta Bizkaia Errenta aplikazioa erabili. Kasu bietan erabili beharko da identifikazio elektroniko sistema baliodun bat; izan ezean, Bak gakoa sortu ahalko da, errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabilita. Telefonoz egiteko, 946 083 000 telefono-zenbakira deitu ahalko da 08:30etik 19:00ak arte. Nolanahi ere, ordutegi horretatik kanpo arreta pertsonalizaturik behar ez duten izapideak egin ahalko dira, sistema automatiko batek lagunduta. Izapideak telefonoz egiteko ere beharko da Bak gakoa edo errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea. Izapideak aurrez aurre egin ahalko dira Foru Ogasunaren bulegoetan eta Gertu bulegoetan. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da www.bizkaia.eus/eu/errenta- webgunean edo 944 066 600 telefono-zenbakira deituta; hitzordua eskatzeko aldia apirilaren 8an hasiko da. Dena dela, kontuan hartu behar da aitorpen konplexuak ezingo direla aurrez aurre aurkeztu, PFEZaren araudian jasotako eragiketa jakin batzuen bidez lortutako etekinak badira.

Berrikuntzak

Beste aldetik, berrikuntzak egin dira errentaren aitorpenerako aplikazioan. Horrela, zergadunaren aurreko ekitaldietako galerak eta aurreko lau ekitaldietan aplikatu gabe geratu zaizkion kopuruak sartuko dira zirriborroan. Era berean, akzioen salerosketaren ondoriozko irabaziak edo galerak inportatu eta esportatu ahalko dira, datu guztiak batera bete ahal izateko, eta aukera egongo da zirriborroan egiten diren aldaketak bertan behera uzteko eta hasierako datuetara itzultzeko. Horrezaz gainera, ohiko etxebizitza erosteko hartutako maileguen datuak aztertu ahalko dira, eta aplikatu ahal direnak botoi baten bitartez sartu ahalko dira zirriborroan.

Ogasunak gutun edo jakinarazpen elektronikoaren bidez zergadunei jakinaraziko die aitorpena aurkeztu behar duten edo ez. Oro har, lanaren bidez lortutako etekin gordinak 14.000 eurotik beherakoak izan badira, ez da aitorpena aurkeztu behar; ezta urteko lanaren etekin gordinak 14.000,1 eurotik 20.000 eurora bitartekoak izan badira ere. Hala eta guztiz ere, salbuespenak daude: ordaintzaile bat baino gehiago eduki bada eta bigarren ordaintzailearen eta gainerakoen urteko kopuruen batura 2.000 eurotik gorakoa bada; lan-kontratu bat baino gehiago eduki izanez gero; konpentsazio-pentsiorik edo mantenu-pentsiorik jaso bada; eta PFEZaren araudian jasotako kasuetako batean izanez gero. Urteko kapitalaren etekin gordinen eta ondare-irabazien batura 1.600 eurotik beherakoa duten zergadunek, bestalde, ez dute aitorpenik aurkeztu beharko.    

Aitorpena aurkeztu, eta dirua itzuli behar da, zergadunak zazpi egun igaro aurretik jasoko du bere kontu korrontean diru-sarrera. Zirriborroa osorik badago eta zergadunari dirua itzuli behar bazaio, baina zirriborroa aurkeztu edo aldatu ez badu, dirua uztaileko lehen egunetan jasoko du, errenta-aitorpena aurkeztu behar zein ez. Ogasunari dirua ordaindu behar bazaio, berriz, kopurua zergadunaren kontu korrontean zordunduko da kanpaina amaitu ondoren.

Mutualistak

Gizarte Segurantzan 1979 baino lehen kotizatu duten pentsiodunen aitorpenean agertuko da kotizazio haiengatik erretiro- edo elbarritasun-pentsioari aplikatu ahal zaion murriztapena. Izan ere, Auzitegi Gorenaren epaien arabera, Gizarte Segurantzaren erretiro- edo elbarritasun-pentsioa jasotzen dutenek, 1978ko abenduaren 31 baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu bazuten, pentsioaren zenbatekoa % 25 murrizteko eskubidea dute, egun hura baino lehen egindako kotizazioen zenbatekoaren proportzioan. Euren aitorpen-zirriborroan, abisua ipiniko da, jakin dezaten pentsioari bidezko murriztapena aplikatuko zaiola eta aurreko lau urteetako aitorpenak berrikusteko eskatu dezaketela 2023ko aitorpenean bertan.

Azkenik, apirilaren 10etik ekainaren 28ra arte ere aurkeztu ahalko dira ondarearen gaineko zergaren aitorpena eta dirutza handien gaineko aldi baterako elkartasun-zerga. Biak aitorpen berean aurkeztu beharko dira. Laguntza moduan, kasu bietan ondarearen gaineko zergaren aitorpena egiteko erabiltzen den programa erabili ahalko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).