Lehen sektorera bueltan, arin batean

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 20a, 14:34

Joana Lara, karakolgile eta nekazari ekologikoa

Egun batetik bestera bizitzari norabidea aldatu dion pertsona horietakoa da Joana. Zapata-denda batean sei urtez lan egitetik lehen sektorean lan egitera igaro zen denbora gutxian. Gaur egun, karakolgile eta baserritar ekologikoa da, eta lurrak ematen dizkion produktuetatik bizi da, Erandion daukan esplotazioan.

Joana arte ederretan lizentziatu zen duela urte batzuk. Unibertsitateko ikasketak bukatu bezain pronto, zapata-denda batean lan egiten hasi zen, eta sei urte eman zituen bertan. Lana gustuko zuen, baina egun batean, nagusia jubilatu eta denda itxi zuen. Kalean geratu zen Joana. Langabeziak dituen egun libre horietan, txakurra Zamudiotik paseatzen ari zelarik, barraskiloak ikusi zituen bide ertzean. Bizitza aldatuko zion ideia bururatu zitzaion orduan.

“Barraskilo asko daude kalean. Horiekin negozioa egin al daiteke?” galdetu zion bere buruari. “Eta barraskiloak batu eta Bilboko Erriberako azokan salduko banitu?”. Etxera heldu eta interneten irakurri zuen hori egin ahal izateko haztegia izan behar zuela. Horrexegatik, Derioko Nekazal eskolara jo eta zalantza guztiak argitu zituen: “Seme-alabak hartu eta bertara hurbildu nintzen. Gazteentzako diru-laguntzak zeudela ikusi nuen eta lanari ekin nion”.

Momentu hartatik aurrera, segundo batean bururatu zitzaion ideia hura martxan jartzea erabaki zuen Ekobaserri proiektuarekin, 2015ean. Nekazaritza ekologikoaren ingurukoa da, eta bertan ere Araba eta Gipuzkoako lankide batzuekin Caracoles Gorbea Karakolak enpresa sortu zuen. Enpresaren helburua barraskiloak hazi eta saltzea da: “Produktu beretsuak saltzen ditugu eta kide bakoitzaren irabaziak norberarentzat dira: kide bakoitzak bere lurraldean saltzen ditu produktu propioak”, adierazi du 37 urteko nekazariak.

Astehelenetik igandera, goizean goiz, esplotaziora heldu, animaliei janaria eman (oiloak, oilarrak, txakurrak, katuak...) eta ortuko beharrak egiten ditu Joanak. Urtarrileko egun hotz hauetan ortua lokatzez beteta dago, eta Joana goitik behera zikinduta dago. Nekazari batek proiektu propioa martxan jartzeko topatzen duen lehen oztopoa lursail propioa izatea da askotan: “Lehen sektorean lurrik gabe aritzea ezinezkoa da”, argitu du. Bere kasua, zorionez, bestelakoa da: familia nekazaria izan da betidanik eta amaren 2.000 m2ko lurrak erabiltzen ditu bere aktibitaterako. Lurgunea izanda, indartsu hasi da lehen momentutik: “Lorra koperatibak eskaintzen duen Lehen Instalazioko Dirulaguntza hautatu eta ortu ekologikoa zein karakolen haztegia eraiki nituen Martiartun (Erandio)”. Ortu ekologikoa izateko, ENEEKen izena eman behar da zigilu ekologikoa eskuratzeko, eta horrela egin zuen Larak.

Ortu ekologikoan batutako produktuak Zamudioko familiei zuzenean saltzen dizkie. Esplotazioan oiloak eta oilarrak ere badaude, eta oiloen arraultzak saskietan sartzen ditu gainontzeko produktuekin. Ortuan jasotakoa hilako lehen larunbatean Zamudion egiten diren azoketan eta bestelako ferietan saldu egiten ditu Joanak. Batez ere salmenta zuzenaren aldekoa da zamudioztarra.

 

Labeldun karakolak

Gorbea Karakolakeko kideak barraskilo bereziak erosten ditu salmentarako: frantses genetikako gazteak, hain zuzen ere. Martxoa-apirilean karakolak eta eurentzako pentsuak erosten dira. Narrastiak plastikozko oihalez estalitako hazitegian sartu egiten dira: “Normalean lur azpian ezkutatzen direnak udaberrian agertzen dira”, azaldu du Larak. Urria eta azaro bitartean batu, garbitu eta ontziratzera eramaten ditut: “Normalean poteratu egiten ditugu, baina badira barraskiloak fresko nahi dituzten bezeroak, 40 urtetik gorakoak batez ere”. Azoketan, adintsuek arraro ikusten dituzte barraskiloak poteetan: “Gazteak, ostera, garbituak eta poteratuta nahiago dituzte, lan gutxiago ematen dute-eta”. Berrikuntza modura, iaz barraskiloak saltsan hasi ziren saltzen.

Barraskilo horiek, azoketan eta zuzeneko salmentaz gain, Txorierriko harategi, denda eta jatetxe batzuetan ere saltzen ditu Joanak: “Pasa den urtetik, Euskal Herriko BM supermerkatu batzuetan salgai dauzkat karakolak”. Pasa den urtean 900 kilo barraskilo batu zituen Joanak esplotazioan: “Helburua gehiago saltzea da. Espero dut datorren urtean 1.500 kilora heltzea. Hala ere poz-pozik nabil ahoz-aho egindako bezeroekin eta eskerrak eman nahi nizkioke nire produktuen alde apustu egin duen edonori eta etorriko direnei”. Zamudioztarraren ametsa hainbeste maite duen lehen sektoretik duhintasunez bizitzea da: “Nekazal munduan lan egiten duenak bokazioagatik da gehienetan: ez da aberasteko ofizioa. Ezta gutxiago ere!”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).