Lander Aretxabaleta EAJren Zamudioko alkategia izango da udal-hauteskundeetarako

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 2a, 14:28

Prentsa ohar batean zabaldu dutenez, EAJk aho batez aukeratu du Lander Aretxabaleta Jauregi (1994) Zamudioko alkategai, 2023ko udal-hauteskundeei begira. Zamudion jaioa eta hazia, sustrai sakonak ditu udalerrian. “Beti sentitu naiz harro Zamudiokoa izateaz. Nire familia hemengoa da eta hemen jaio eta hazi naiz; hemen lan egiten dut eta hemen bizi naiz”, adierazi du Aretxabaletak.

Prentsa-oharrean azpimarratu moduan, Aretxabaletaren herenaitona, Nikolas Aretxabaleta, Zamudioko alkatea izan zen duela urte asko. “Atzera begiratzen dudanean eta gure herriaren historia ikusten dudanean, gogoan ditut gaur egungo Zamudio egiteko gogor lan egin duten pertsona guztiak. Izan ere, Zamudiok modu jasangarrian batzen ditu kultura, tradizioa, teknologia eta berrikuntza, eta horrek erreferente bihurtu du Bizkaian zein Euskadin”. Aretxabaletaren ustez, uztartze hori eta herritarren parte-hartzea “giltzarriak dira udal-azpiegiturak eta -zerbitzuak hobetzen jarraitzeko eta, hortaz, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

Igotz Lópezen lekukoa hartuko du Aretxabaletak. “Ilusio eta erantzukizun handiz aurre egingo diot Igotzen lekua hartzeko erronkari. Izan ere, aztarna handia utziko du gure herrian. Kultura zinegotzi moduan azken urteak bere ondoan partekatu izana etengabeko ikaskuntza izan da”.

Magalarte Zamudioko upategiaren seigarren belaunaldikoa da Aretxabaleta. Salmenten eta Merkataritza Espazioen Kudeaketako eta Administrazio eta Finantzetako goi-mailako teknikaria da eta gaur egun Enpresen eta Administrazio eta Zuzendaritzako gradua egiten dabil. Horrezaz gainera, familiako upategia zuzentzen du; kultura zinegotzia da, eta Zamudio-Derioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Kooperatibako idazkaria. Txikitatik parte hartu du herriko hainbat kultura-taldeetan eta elkarteetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).