O km da batzen gaituen distantzia.

Txorierriko hainbat euskaltzaleek totoan, hau da, talde-lanean, sortu zuten Aikor! aldizkaria duela 22 urte. Gaur egun ere behar-beharrezkoa da totoan ibiltzea, bailarako euskara hutseko hedabide bakarrak aurrera jarrai dezan, eta hortaz, euskararen normalizazioan eragiteko, komunitatea errotu eta sendotzeko eta herrigintza aktibatzeko. Bertokoa ez ezik, gertukoa ere eskaintzen du Aikor! aldizkariak, eta aikorlagunen babesa ezinbesteko du bidean zehar. Izan ere, 0 kilometro dago gure artean.

Sondikatik Larrabetzuraino, eta Loiun, Derion, Zamudion eta Lezaman geldialdia eginez, Txorierriko herri guztietan zabaltzen da Aikor! aldizkaria, doan eta 11 hilabetetan. Botaldi bakoitzean 8.000 ale kaleratzen dira; guztira 320.000 orri hilero, edo 3.520.000 orri urtero. Webgunea ere badu: www.aikor.eus. Hori egunero elikatzen da eta paperak baino albiste eta argazki gehiago eskaintzen ditu. Era berean, batez beste, 6.000 bisitaldi ditu hilero eta erabiltzaileei aukera ematen die informazioa eurek sartu dezaten. Horrela, euskara bultzatzeaz gainera, txorierritarron sarea jostea helburu du Aikor! aldizkariak, eta bertokoa, hurbila, indartu. Tokiko merkataritzak eta ostalaritzak ere lekua du egitasmoan, guztion ekarpenari esker eskualde bizia dugu eta.

Azken urteak nekezak izan dira herritar guztiontzat, eta gertaerek kazetaritzan ere eduki dute eragina. Papera asko garestitu denez, Aikor! Txorierriko aldizkariaren inprenta-gastuak, esaterako, 1.000 euroko igoera izan du hilero; 11.000 euro, urtero. Horrezaz gainera, zabalkunde-gastuak ere gora egin du: 580 euro gehiago hilean, 6.380 euro gehiago urtean. Eta zer esanik ez, bizitza bera ere asko garestitu da norbanako bakoitzarentzat eta familientzat.

Testuinguru honetan, zenbait sustengu behar ditugu Aikor! aldizkariaren bizitza duintasunez luzatu ahal izateko, eta haien artean oso baliotsua da zure laguntza. Horregatik, egitasmoaren parte izatera animatzen zaitugu, eta totoan bertokoa eta gertukoa sendotzen jarraitu. 0 kilometroak batzen gaitu, eta komunitate irmoa bihurtu.