Lezamako Trenbide Zaharreko bidea berreskuratzeko lanak lizitaziora atera dira

Aikor aldizkaria api 26, 13:04 Txorierri

Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak lizitaziora atera ditu Bilbao eta Derio lotzen dituen Lezamako Trenbide Zaharreko bide naturala berreskuratzeko lanak. Egitasmoaren balio estimatua 6,7 milioi eurokoa da eta lanak bi urteko epean egitea aurreikusi da. Txorierriko txirrindularitza- eta mendizale-elkarteek eta herritarrek urte luzeak daramatzate bidea berreskuratzeko eskatzen, eta hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako, hala nola bidea eta tunela ezagutzeko irteerak eta ingurua garbitzeko auzolanak; hainbat urteren ostean, badirudi proiektua gauzatuko dela.

Noranzko bakarreko bidea, Sondikako Uribe kalean

Aikor aldizkaria api 15 Sondika

Sondikako Udalak jakinarazi duenez, Uribe kaleko bidea, Geltoki tabernaren eta Atarrabi tabernaren izkinaren arteko tartean hain zuzen, norabide bakarreko bide bihurtzen dabiltza. Neurriak “inguruko ikusgarritasuna eta segurtasuna hobetzea” du helburu, eta “bizilagunen kexei eta eskaerei erantzuten die”. Azaldutakoaren arabera, aparkalekuak mantenduko dira eta zamalanetarako gunea atonduko da. “Gainera, elementu mugatzaileak jarriko dira, gaizki aparkatzea saihesteko”.