“Hogeita hamabost taberna eta 80 saltoki inguru ditugu Derion. Gehienak herriko erdigunean daude, eta, azkenean, bizia ematen diote herriari. Gainera, alboko herrietako lagunak erakartzen dituzte, euren herrian, beharbada, ez baitituzte zerbitzu horiek”, esan digu Apraizek. “Lanpostuak sortzen dituzte, eta, bestalde, herrian merkatarien elkartea egotea inportantea da, gauzak euren artean antolatu ahal dituzte eta”.
Ostalari eta merkatari gehienek ez dute diru-sarrerarik izan bi hilean, eta, hala ere, ohiko gastuei aurre egiten jarraitu behar izan dute: hortaz, berehalako likidezia premia dute. “Udalak guztira 200.000 euroko laguntza emango du, eta hori hainbat ekintza egiteko erabiliko da. Esaterako, 120.000 euro saltokiei ura, argindarra, alokairua, hornidurak… ordaintzen laguntzera zuzenduko da. Eskaera egin duten saltokiek 800 euroko laguntza jasoko dute. Halaber, ekainean, egoera normalizatuago dagoenean, herrian erostea sustatzeko bonuen kanpaina egingo dugu: 30 euroko 1.500 bonu aterako dira eta erosleak 20 euro ordainduko du; gainerako 10 euroak udalak ipiniko ditu. Danerik Paraje! elkarteak dirulaguntza eskatu zigun onlineko erosketak bultzatzeko webgunea egiteko, eta hori ere sartu da aurrekontuan, onlineko erosketek gora egiteko momentua izan daitekeelako”. Apraizen esanetan, derioztarrak herrian bertan erostearen garrantziaz jabetzeko kanpaina ere ipiniko dute martxan, eta urtean zehar ekintza batzuk sustatuko dituzte ostalariei laguntzeko.
Adi
Zabalik dauden lokalei udalak honako hauek eman dizkie: babes-pantaila bat, 10 maskara eta litro bat gel hidroalkoholiko. Era berean, itxita egon diren bitartean, lokalak hutsik egon balira bezala ordaindu dute zabor-bilketaren tasa, eta tabernei egoera normalizatu arte ez zaie terrazari lotutako tasa kobratuko. “Esandakoak neurri batzuk dira, baina jarraitu behar dugu zer egin pentsatzen eta egoeraren bilakaerari adi egoten, dendariei eta ostalariei baldintzaren bat edo beste ipintzen badiete, nola lagundu ahal diegun aztertzeko. Guk ahal dugun neurrian erantzungo dugu, izan ere, kasu guztietan laguntzea gustatuko balitzaigu ere, askotan legeak trabak ipintzen dizkigu”.
Apraizek adierazi duenez, ezinbestekoa da herritarrak Derion erostearen garrantziaz jabetu daitezela. “Dendariei eta ostalariei laguntzeaz gainera, guretzat ere onuragarria da, kalitatea eta konfiantza eskaintzen digute eta. Zerbait falta bazaigu, hori etxe ondoan izateak erosotasuna ekartzen digu, eta merkataritzak eta ostalaritzak bizia ekartzen diote herriari; haiek barik, Derio herri hila izango litzateke. Eta, noski, enplegua sortzen dute”.