Garciak azaldu digunez, PAI Bitartean Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan –Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bidez– martxan ipinitako egitasmoa da eta lau zutabe ditu: Gamizeko egoitza-zerbitzua, pertsonak euren etxean bertan artatzeko zerbitzua, familientzako zerbitzua eta gizarteratzerako Derioko eguneko zentroa. “Helburua da gizartetik kanpo dauden edo egon daitezkeen lagunei arreta indibidualizatua eman, euren bizi-kalitatea hobetu dadin eta ahalik eta autonomia handiena eskuratu dezaten. Horretarako, Derioko zentroa erabiltzaileen eta derioztarren arteko topagunea izatea nahi dugu, eta hainbat ekintza egin, erabiltzaileak eta herritarrak harremanetan ipintzeko”.
Eguneko zentroak 15 pertsona hartzeko lekua du, baina COVID-19a dela-eta edukiera % 50 murriztu da. Garciaren esanetan, zenbait aukera aztertuko dituzte zerbitzua lagun guztiei eman ahal izateko. Zerbitzuaren erabiltzaileak 18 urtetik gorako gizonak eta emakumeak dira. “Mungialdeko, Txorierriko, Leioako eta Erandioko bizilagunak artatzen ditugu eta zerbitzura Bizkaiko Foru Aldundira bidaltzen ditu. Baliabide ekonomiko gutxi izan dezakete, edo bat ere ez, eta kasu gehienetan ez dute laguntza-sarerik: ez familiakorik, ez gizartekorik. Halaber, batzuek adikzioren bat edota buruko gaitza izan dezakete”. Zentroaren zuzendariaren iritziz, ezabatu egin behar dugu uste hau: pertsona bat kalean badago, bere erruagatik da. “Izan ere, bizitzan lauzpabost zorigaitz gogor gertatuz gero, gutariko edonor gizartetik kanpo geratu gintezke, laguntza-sarerik izan ezean. Beraz, gizartetik kanpo daudenei begirunez begiratu behar diegu. Baita ausardiaren ikuspuntutik ere, zerbitzura etortzea eta laguntza eskatzea ez baita erraza. Gainera, hala eta guztiz ere, indar handia dute aurrera jarraitu ahal izateko, eta zauriak sendotzeko. Eta hori ere ez da erraza. Dena edo ia dena galdu dute eta orain, pandemiaren ondorioz, zailago izango dute, esaterako, lana edota alokairuko etxebizitza lortzea”.
Zerbitzua batez ere gizonek erabiltzen dute, baina emakumeak ere badaude eta azken horien egoera askoz zailagoa da. “Emakumea izatearen zama gehigarria dute. Batzuek oso egoera latzak bizi izan dituzte, hala nola tratu txarrak edota seme-alabak galdu izana, eta zailago dute aurrera egitea, laneratze- eta gizarteratze-aukera gutxiago dituztelako eta estigma handiagori egin behar baitiote aurre. Eta, bestalde, zer esanik ez, kalea askoz ankerragoa da eurentzat”. Esandako hitzen harira, zerbitzuaren arduradunek ahalegin berezia egiten dute arreta generoa kontuan hartuta eskaintzeko. “Inportantea da emakumeek euren lekua izatea, kezkak eta interesak modu lasaian eta epaituta sentitu barik adierazi ditzaten eta, gehienak gizonak izanik, gehiengoaren interesek euren beharrak estali ez ditzaten”. Garciak aitortu digu ez dakiela gizartetik kanpo emakume ala gizon gehiago dauden. “Hala ere, badakit gure zentrora gizon gehiagok jotzen dutela. Horri lotuta, lanean entzuna dut emakumeei gehiago kostatzen zaiela laguntza eskatzea eta pairamen handiagoa dutela; hortaz, gutxiago ikusten dira”.
Zentroak 15 pertsonentzako lekua du eta, besteak beste, sukaldea, dutxa, arropa garbitzea eta tailerrak eskaintzen ditu
Erabilera anitzekoa
Derioko eguneko zentroa erabilera anitzeko gunea da eta, besteak beste, hurrengo zerbitzu hauek eskaintzen dizkie erabiltzaileei: sukaldea, dutxa, arropa garbitzea, zaindegia eta botikak hartzeko gunea. Lantaldea osatzen dute gizarte-langile batek, gizarte-integratzaile bik, psikologo batek, hezitzaile bik, egunerokotasunean laguntzeko beste integratzaile batek eta garbiketako langileek. “Diziplina anitzeko lantaldea da, erabiltzaileen beharrizan guztiei erantzuna eman ahal izateko; hau da, bizitzaren arlo guztietan laguntzen diegu: esparru emozionalean, eguneroko jardueretan, komunikazio-gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzen, errutinak hartzen, laguntza-sarea sortzen… Bizi-helburuak lortzen laguntzen diegun arren, guk ez dugu inongo ibilbide-orririk ezartzen: erabiltzaileek eurek hartzen dituzte erabakiak eta guk erabakitakoa errespetatzen dugu”.
Aurreko lerroetan aipatutako zerbitzuez gainera, eta bizi-helburu horiek lortzen laguntzeko, zentroak hainbat tailer egiteko aukera ere ematen du (edo laster emango du): sukaldaritza, irratia, Internet, antzerkia, autolaguntza, osasuna, ariketa fisikoa eta estimulazio kognitiboa, batzuk aipatzearren. “Beste aldetik, erabiltzaileentzat ez ezik, komunitate osorako ere nahi dugu onuragarriak izan, eta gure artean harreman sendoak eraiki. Horretarako, hitzaldiak egingo ditugu herritar guztientzat, adibidez, adizioa zer den ezagutzen dezaten edota autozaitzari eta prebentzioari oinarrizko ezagutzak izan ditzaten. Horrez gainera, prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko, institutuko ikasleekin solasaldiak izateko prest gaude, baita familien galderei eta kezkei erantzuteko ere”. Garciaren ustez, ezinbestekoa da zerbitzuaren erabiltzaileak eta herritarrak ekintza horietan elkarrekin aritzea. “Komunitatea bultzatzen gaituen motorra delako eta zerbaiten parte sentiarazten gaituelako. Ezinbesteko tresna da gizarteratzerako”. Horren haritik, Derioko Udalaren jarrera eskertu du, “babesa eta gertutasuna adierazi digutelako eta azpiegiturak utzi dizkigutelako ekitaldiak egiteko”.
Gizarte-inklusiorako eguneko zentroa astelehenetik barikura arte dago zabalik, 09:00etatik 17:00etara. “Espero dugu ordutegia zabaldu ahal izatea, asteburuak ere gogorrak izaten baitira, gehienbat orain, neguan”. Zuzendariak oso balorazio positiboa egin du zentroaren hasierako egunei buruz eta ziurtatu digu lan egiteko eta pertsona gehiago artatzeko gogo bizia dutela. “Zerbitzua behar-beharrezkoa da eta, tamalez, pandemien ondorioak direla-eta are beharrezkoagoa izango da”. Behar duenak han izango du laguntza.
“Erabiltzaileentzat ez ezik, komunitate osorako ere nahi dugu onuragarriak izan, eta gure artean harreman sendoak eraiki”