Eatoneko enpresa-batzordea

“Lantegiaren etorkizuna duela bost urteko kaleratzeen aurretik zegoen erabakita”

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 10a, 11:25

Berrogeita hiru urteren ondoren, Eaton Estatu Batuetako multinazionalak betiko itxi du Derioko lantegia. Multinazionalak martxoan jakinarazi zien langileei bere erabakia; hala ere, enpresa-batzordeko kide ohien ustez, lantegiaren etorkizuna duela bost urteko kaleratzeen aurretik bazegoen erabakita eta enpresa gezurretan ibili da azken urteetan.   

Idoia Martin, Maribel Medina, Bego Martin eta Txomin Llanos dira enpresa-batzordeko kide ohiak. Eatonek duela bost urte aurkeztu zuen lehenengo enplegu-erregulazioko espedientea (EEE), baina, euren iritziz, enpresaren eraispena lehenago hasi zen. “EEE hori baino lehen, 60 urtetik gorako langile batzuk kaleratu zituzten, eta horregatik indemnizatu ere bai: orduan konturatu ez baginen ere, enpresaren eraispena une hartantxe hasi zen. Bestalde, inbertsioa egin zen segurtasunean eta pentsatu genuen seinale ona zela. Hala ere, lehen EEE etorri zen, 37 lankide kaleratu zituzten, eta horrek agerian utzi zuen enpresaren etorkizuna zein izango zen”. Harrezkero bost urte pasatu dira. “Aurretik erretiratuentzako eta kaleratuentzako baldintzez gainera, akordioa sinatu genuen, bermatzeko gainerako langileok bost urtean lanean jarraituko genuela. Akordioa 2020ko abenduan amaitu zen eta, saiatu arren, ezin izan genuen hura berritu. Gainera, kontuan hartu behar da langileon bataz besteko adina 55 urtekoa dela, eta bost urtean ez dela kontratazio berririk egon; ezta oporraldiak betetzeko ere”.

Akordioa amaitu eta handik hilabete bi eta erdira jakinarazi zuten enpresa itxiko zela. “Bilera asko egin ditugu enpresaren ordezkariekin eta hasiera-hasieratik azaldu digute argi haien jarrera zein zen; hori dela eta, greba mugagabera deitu genuen, guztion artean zerbait lortzeko, zeren eta bakoitzak bere aldetik ez baikenuen ezer lortuko, ziur asko”. Antolakuntzari eta ekoizpenari lotutako arrazoiak argudiatuta, Eaton multinazionalak bigarren EEE aurkeztu zuen martxoan. “Gehiegizko gaitasuna zegoela arrazoitu dute. Duela bost urteko EEE baino lehen, hiru produktu egiten genituen Derion, baina haietako bat –errentagarriena– Errumaniara eraman zuten han ekoizteko; gauza da Errumanian hiru produktuak egiten ikasi dutela, eta, hortaz, enpresaren esanetan, egiten duten baino lan handiagoa egin lezakete han, eta horregatik, hain zuzen ere, itxi dute Derioko enpresa. Jokaldia gure gerentziaren oniritziarekin egin dute, ze urte hauetan egin duten bakarra oso soldata altuak kobratzea izan da”.

Enpresa-batzordeko kide ohiek salatu dute enpresaren zuzendaritza gezurretan ibili dela eta azken momentura arte ukatu duela enpresa itxiko zela. “Behin baino gehiagotan galdetu genien bost urteko bermea amaituta enpresaren etorkizuna zein izango zen, eta lasai egoteko erantzuten ziguten, erretiroa bertan egonda hartuko genuela… Alabaina, errealitatea bestelakoa zen: fabrika erabat utzita zegoen, eta makinak erabat zaharkituta, izan ere, urte hauetan ez da bertan inolako inbertsiorik egin, eta inbertsiorik ez duen enpresak ez du etorkizunik; aurrera jarraitzeko jende gazterik ez duen enpresak ere ez du gerorik. Horri lotuta, uste dugu langileon bataz besteko adina apropos utzi zutela, aurreko EEEn langilerik gazteenak eta zaharrenak kaleratu zituztelako”. Haien esanetan, enpresak oso jarrera kaskarra agertu du hasieratik zekielako amaiera zein izango zen. “Lehenengo bileran esan genien gutxienez aurreko EEEren baldintzak eman behar zizkigutela, baina ez zuten onartu. Ondorioz, greba mugagabera deitu genuen –hilabete bi iraun du–  eta azkenean lortu dugu baldintzak apur bat hobetzea. Ez diote egoerari aurre egin; gure iritziz, gauzak beste modu batean kudeatu ahalko ziren: egia onartuta eta gu orain dela bost urte bizitako une gogorrak berriro bizitzera behartu gabe”.

“Urte hauetan ez da lantegian inolako inbertsiorik egin:  inbertsiorik ez duen enpresak ez du etorkizunik”

“Baldintza onak”

Aurreko EEEn moduan, oraingo honetan ere 37 langile kaleratu ditu Eaton multinazionalak. Langile guztiek lanean jarraitu nahiago izan balute ere, txarra alde batera utzita, pentsatzen dute kaleratze-baldintza onak lortu dituztela, “gure adina eta prestakuntza kontuan hartuta, gehienok aukera gutxi dugulako beste lan bat topatzeko”. Guztiek langabezia-sorospena kobratzeko aukera dute, eta adinaren araberako baldintzak. “Berrogeita hamanbost urtetik beherakoek 45 eguneko kalte-ordaina jasoko dute urteko, eta 15.000 euro; 55 urtetik gorakoek aurretik hartuko dute erretiroa, % 100ean kotizatuko dute gizarte-segurantzan eta aurre-erretiroaren plana 63 urte beteta amaituko da”.

Langileek erakunde publikoen hitzezko babesa izan dute, eta udaletxe guztietan sartutako mozioak onartu dira. “Baina hitzak baino ez dira izan, erakundeek benetan ezin zutelako ezer egin. Eatonek ez du inoiz dirulaguntzarik izan, ez Eusko Jaurlaritzarena, ez Bizkaiko Foru Aldundiarena; hortaz, dirulaguntza jaso duten enpresei presio txikia egiten zaiela kontuan hartuta, askoz txikiagoa, Eatonen kasuan. Horrek guztiak hurrengo hausnarketa egitera eraman gaitu: Nola izan daiteke bertan multinazional asko kokatu eta, gero, bertan jarraitzera behartu ezin izatea? Enpresak hezi behar dira, jakin dezaten ezin direla hona etorri, etekina atera, eta gero negozioa herrialde merkeagoetara eraman”.      

“Enpresak hezi behar dira, jakin dezaten ezin dutela bertan etekina atera, eta gero negozioa herrialde merkeagoetara eraman” 

Eaton enpresan material elektrikoa ekoizten dute eta Derion 1978. urtean zabaldu zuten fabrika, garai hartan enpresak Medex zuela izena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).