Cine Abandonado I ihes-gela berria, Bilbon

Umorezko ihes-gela bakarra

Aikor aldizkaria 2021ko abe. 2a, 10:19

Hainbat escape room edo ihes-gela daude Bizkaian, baina bakarrik bat, umorezkoa; eta hori derioztar batek jarri du martxan. Ivan Perezek, Bocabeats bikote umoregilearen erdia (Aitor Majo bilbotarra da bestea), Cine Abandonado ireki zuen urrian. Bocabeatsen muina begi-bistan dago bertan. 

Jacob Bridges zuzendariak hainbat film ospetsu egin zituen Holly­wood­en: Jarri Potea, Eraztunen zalduna, Gabonzaha­rraren aurreko amesgaiztoa... Hacendado markako arrrakastak, baina arrakastak, azken batean. Oso gutxik da­kite bere benetako izena Jagoba Puen­tes dela eta bilbotarra dela. Duela 15 urte, Puentes desagertu zen, baina ez zitzaion ino­ri axo­la, Willy zinemaren are­to-zainari izan ezik. Willy laguntza bila dabil, bere la­guna topatzeko. Horixe da Cine Abandonado ihes-gelaren abia­puntua. Escape room­etan lagun talde bat itxita gelditzen da, eta handik ateratzeko hainbat jolas eta enigma gainditu behar dira.

"Aretoak oinarri bi ditu: batetik, zi­nema, Aitor eta biok oso zinemazaleak garelako; eta bestetik, umorea, Cine Abandonadoren ezaugarririk bereziena. Boca Beatsen mamia begi-bistan dago aretoan. Normalean areto horiek beldu­rrezkoak dira; gurea, berriz, umorezkoa. Escape roomak iragartzen dituzten web­guneetan ez dago ‘umorea’ etiketarik, gurea definitzeko. Hori bera gertatzen zitzaigun Bocabeats taldea martxan jarri genuenean: Ez dugu etiketa garbirik, ez Bocabeatsek, ez gelak. Eta horrek bereiztu egiten gaitu”, esan digu Ivan Perezek.

“Guztiok pasatzen dugu ondo. Ai­torrek edo nik jolasa gidatzen dugu eta Bocabeatsek saioa duenean, aktore batek egiten du. Polita da gidaria parte-hartzaileekin aritzea, jolasaren beste osa­gai bat izango balitz moduan. Gela 75 minutuan amaitzen da, baina denbora lu­zeagoa ere eman dezakezu barruan. Be­zeroak poz-pozik ateratzen dira. Lehen­engo asteburuetan erabat beteta izan dugu eta denetariko lagunak etorri zaiz­kigu: emakume nagusiak, familiak, la­gun-taldeak, escape room zaleak... Eta norberaren ezaugarrien arabera, ego­ki­tzen dugu ibilaldia. Esperientzia polita da, ñabardurak zaintzen ditugulako: argia, kea, giroa, hormetako apainketak... Gauza pila bat Derion erosi ditugu”.

“Esperientzia polita da, ñabardurak zaintzen ditugulako: argia, kea, giroa, hormetako apainketak...”

Ihes-gela urrian ireki zuten, baina aurretik urtebete eman zuten lanean. “Aretoa irekitzeko ideia bagenuen aspal­ditik, baina oso lanpetuta geunden. Pandemia etorri baino lehen, gure momenturik onena zen, baina 2020ko martxoan, guztiok moduan, etxean gelditu behar izan genuen. Eta aprobetxatu genuen ihes-gela aurrera ateratzeko”. Azken hilabeteotan ez dira bakarrik ibili, familiek izugarrizko laguntza eskaini dietelako. “Aita eta anaia ingeniariak dira eta haiek diseinatu zituzten mekanismo batzuk, lan-plana ezarri, planoak mar­gotu... Hasi baino lehen, nik ez nekien ezta zulatzeko makina bat jasotzen ere. Eta azkenean, orduak eta orduak eman eta gero, gure artean apaindu dugu dena”.

 

Atzerapena

Udarako gela ia prest zegoen, baina hori irekitzea atzeratu behar izan zen, Bocabeatsek udan hainbat saio eskaini dituelako, “inoiz baino gehiago”. Hala ere, Perezek atzerapenaren alde ona azpimarratu du. “Udan probak egiten ibili ginen, azken batean, ikuskizuna bezalako baita: ikusi behar duzu jendeak nola hartzen duen. Eta lagunak-eta etorri ziren ibilaldia egitera eta jolasak egitera. Horri esker, escape rooma biribiltzeko aukera izan genuen”.   

Ihes-gela ez dago Txorierrin, Bilbon, Begoña auzoan, bazik. “Lokala zoragarria da eta Bilbon jende gehiago erakarri ahal duzu”. Euskal Herrian hainbat ihes-gela daude eta Bartzelonaren atzetik, onenak bertan omen ditugu. “Esate baterako, Gasteizen Europako escape roomik onena dago. Asko ditugu bai, baina ez dugu elkar lehiakidetzat hartzen. Lehia ona da, lagun batek ihes-gela batean ondo pasatzen badu, beste batera joateko gogoa izango duelako. Eta hainbat eta hainbat areto egoteak exijentzia-maila igotzen du: gaur egun, escape room onak filmak bezalakoak dira”. 

Informazio gehiago:

escaperoombilbao.com

622 062 738

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).