Marikobaso Espazioa sortzen diruz laguntzeko kanpaina abian da

b: Marikobaso / a: Jon Loidi 2022ko mar. 1a, 08:43

Derioko elkarte, talde eta herritar guztientzako lekua da Marikobaso Espazioa eta zutabe nagusitzat ditu kultura, euskara, feminismoa eta ekologia. Auzolanean egiten dabiltzan proiektua da eta egoitza Urkiola kalean kokatu dute, seigarren zenbakian. Autokudeaketan oinarritutako proiektua ere bada, eta apirilaren 8ra arte crowdfunding-kanpaina egingo da hura finantzatzen laguntzeko.

Diru-bilketa kanpaina itsulapikoa.eus webgunean ipini dute abian. Bakoitzak egindako diru-ekarpena zein den, bost sari egongo dira eta sari bakoitzaren izena Derion dagoeneko ez dagoen baserri bati dagokio:

-Ganburu (10 euro): eskertzea eta Marikobasoko muralean izen-abizenak ipintzea.

-Larrajauregi (20 euro): eskertzea, muralean izen-abizenak ipintzea eta bazkaria Marikobaso egunean.

-Teileri (60 euro): eskertzea, muralean izen-abizenak ipintzea, urtebeteko bazkidetza eta kamiseta.

-Bestorrene (120 euro): eskertzea, muralean izen-abizenak ipintzea, urtebeteko bazkidetza eta bi bazkari Aldekone jatetxean.

-Deurika (250 euro): eskertzea, muralean izen-abizenak ipintzea, urtebeteko bazkidetza, ekitaldi bat antolatzeko aukera eta kamiseta.

Marikobaso espazioa Derioko hainbat elkartek, taldek eta pertsonak ipini dute martxan, eta haien artean daude Tximintx komunitatea, San Isidro jai-batzordea eta Koxak talde feminista. Ane Lopez eta Gontzal Jauregi egitasmoaren sustatzaileetako bi dira. Azaldu digutenez, momentu honetan Marikobaso espazioa gauzatzeko prozesuan daude. “Marikobaso espazioa sortzen gabiltza Deriori ekarpen berria egiteko asmoz. Herritarron elkargunea izatea nahi dugu, eta bertan kultura, euskara, ekologia eta feminismoa bultzatu”. Elkartegintza indartzeko proiektua ere bada, eta herriko talde eta koadrila guztiei dago zabalik. Horrela, bada, nahi duten elkarteek lekua izango dute han, euren bilerak, tailerrak eta gainerako ekintzak jorratzeko.

“Herritarron elkargunea izatea nahi dugu, eta bertan kultura, euskara, ekologia eta feminismoa bultzatu”

Elkartegintza indartzeko proiektua ere bada, eta herriko talde eta koadrila guztiei dago zabalik

Lerro hauek idaztean egoitza atontzen zebiltzan. Aipatu digute han, besteak beste, ikastaroak, hitzaldiak eta proiekzioak egiteko aretoa ipiniko dutela, bileretarako gela eta partaideek eramandako liburuez hornitutako liburutegia. “Kanpoaldea erabiltzeko asmoa ere badugu, esaterako, kontzertu txikiren bat antolatzeko. Era berean, ekitaldiak-eta egiteko, herriko beste toki batzuk erabiltzeko asmoa ere badugu, edota, adibidea ipintzearren, mendia garbitzera joan. Izan ere, egoitzatik bideratuko dira hainbat proiektu eta ilusio”.

“Egoitzan, besteak beste, ikastaroak eta hitzaldiak egiteko aretoa ipiniko da, bileretarako gela eta liburutegia”

Autokudeaketa oinarri izango dute Marikobaso egitasmoak berak eta bere gerizpean mamitzen diren ekintza guztiak. Hortaz, abian dagoen diru-bilketa kanpainaz gainera, bazkidetza kanpaina egongo da urte osoan. Zehetasunak Marikobasoren gizarte-sareetan kontsultatu ahalko da: Instagram, Facebook eta Twitter.  

Esan moduan, herriko talde guztiek eta adin-tarte guztietako derioztarrek lekua izango dute Marikobaso espazioan. Egitura horizontala egongo da eta erabakiak “era demokratikoan hartuko dira, elkarteen beharrizanak asetzeko”. “Hau gure beharrak asetzeko lekua da eta, beraz, nahi duguna egiten hasiko gara. Prozesuak berak eramango gaitu. Marikobaso zabalik dago, nahi duena etor dadin parte hartzera eta ideiak ematera. Eta ziur disfrutatuko duela, bere ideiak eta ekintzak jorratuko ditugulako. Nabarmendu nahi dugu hasiera-hasieratik hau auzolan-proiektua dela eta horrela izaten jarraituko duela: guztiok ekartzen ditugu ideiak eta ilusioak eta horrela egiten dugu aurrera”. 

“Marikobaso zabalik dago, nahi duena etor dadin parte hartzera eta ideiak ematera”

“Hasiera-hasieratik hau auzolan-proiektua da: guztiok ekartzen ditugu ideiak eta ilusioak” 

Arigunea

Sustatzaile bien esanetan, oso egitasmo aberasgarria izaten ari da eta izango da, eta oro har erantzun ona jaso du. “Parte hartzea egongo dela uste dugu. Azaroan egitasmoa aurkeztu genuen eta jende nahikoa etorri zen. WhatsApp-taldea ere sortu dugu eta bertan 50 lagun baino gehiago gaude. Bestalde, zapatuetan gelditu gara lokala guztion artean atontzeko, eta jendea etorri da laguntzera”.

Lehenengo ekintza martxoaren 8an egingo da bertan, Koxak talde feministak antolatua. Egun horretan, 18:00etan, Booty Riots dantza-tailerra izango da twerking-ari eta gorputzaren mugimenduari lotutakoa. “Marikobaso espazioaren inaugurazioa zapatu batean egingo da, oraindik data zehatzik ez dagoen arren. Egitasmoa zein izango den azalduko dugu, eta kontzertu xume eta txiki bat ere antolatuko da. Horrezaz gainera, euskarari lotutako ekitalditxo batzuk egingo dira martxoan, Marikobaso arigunea baita, eta talde-eragilea, arnasgunea. Helburua da denboraren poderioz Marikobaso arnasgune ere bihurtzea”.

Derioko eta Zamudioko lurretan dago Marikobaso auzoa, Bilboko hilerriaren eta aireportuaren artean. Egitasmoaren bidez, Derioko txokoetara zabalduko dira kultura, elkartegintza, ekologismoa, feminismoa eta euskara, eta, aldi berean, auzo bitxi hori herrigunera eramango da.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).