Otsailaren 23an, ohi moduan, Lizaren gurasoak lanera joan ziren, eta bere anaia txikia eskolara. Berak, goizean, unibertsitateko lanak egin zituen etxean, pandemia dela-eta online ikasten duelako, eta arratsaldean lagun batekin joan zen gimnasiora eta, ondoren, zerbait hartzera. Etxera itzuli zen, hurrengo orduetan gertatuko zenaren susmorik izan gabe. “Goizaldeko lauetan-edo hasi zen hegazkinen hotsa entzuten. Telebista piztu genuen albisteak ikusteko. Goiz horretan ama lanera joan zen, eta aita dirua ateratzera. Eguerdi aldera amak deitu zuen bere bila autoz joateko: beste hiri batean lan egiten du eta ez zuen nola itzuli, garraio publikoa ez zebilelako. Gainera, hiri horri erasotzen hasiak ziren, bertan aireportu militarra dago eta. Bestalde, neba nagusiaren eta bere familiaren bila ere joan ginen, etxean sotorik ez dutenez, gurekin egon zitezen”.
Lizaren esanetan, jakin bazekiten Errusia Ukrainara indarrez sartuko zela, baina ez zuten espero egun horretan izatea. “Aitak esan zigun sotoa atondu behar genuela han egoteko, eta, badaezpada, motxila txiki bat prestatu. Hegazkinen hotsa entzun arren, urrun zeudela esaten ziguten eta lehenengo egunetan gutxiago joaten ginen sotora. Zarata, batez ere, goizean eta gauean entzuten zen; arratsaldean lasaiago zegoen. Egun batean janaria erostera irten ginen eta handik oso gutxira itxi ziren denda guztiak. Bost egun-edo pasatu ostean hasi ginen hegazkinen hotsa hurbilago entzuten: etxera hurbildu, gainetik pasatu eta urruntzen ziren. Hortaz, tarte luzeagoak ematen genituen sotoan. Ondoko familia ere gure sotoan izaten zen, ez zutelako non babestu”.
“Bost egun pasatu ostean hasi ginen hegazkinen hotsa hurbilago entzuten: etxera hurbildu, gainetik pasatu eta urruntzen ziren”
Egoera gero eta gordinagoa zen egun batetik bestera eta Irpinetik, euren hiritik, nola atera aztertzen hasi ziren gurasoak. “Bakarrik neba txikia eta biok alde egitea nahi zuen amak, baina beste herrialde batera joanez gero, ziur asko arazoak izango nituen neba nirekin izateko; beraz, hirurok alde egingo genuela erabaki zuten azkenean. Aita kalera irteten zen, hiritik ateratzeko modurik ote zegoen ikustera, eta egun batean etxera itzuli zen eta esan zigun bost minutu genituela gure gauzak hartzeko, banaketa-furgoneta bat berehala irtengo zela, eta, beharbada, Irpinetik ateratzeko azken aukera zela”. Liza eta bere ama eta neba ez ezik koinata eta iloba txikia ere igo ziren furgonetara. Errepide nagusiak txikituta, bidaia landarik landa egin behar izan zuten, eta herri txikietatik itzulingurua eginez. “Jendez gainezka zegoen furgoneta eta batzuek animaliak ere zeramatzaten. Bat-batean bonbardatzen hasi ziren eta 20 minutuan-edo bidaia makurtuta egin behar izan genuen… Jendea negarrez ari zen… Beldur handia pasatu genuen”.
Furgonetak Kievera eraman zituen. “Trena hartu genuen koinataren familiaren etxera joateko eta egun batzuk eman genituen bertan, egoera lasaiago zegoelako. Pentsatzen genuen egun batzuk pasatuta agian etxera itzuli ahalko ginela, baina ez… Ez genekien nora joan eta Joseberi idatzi nion ea hona etortzeko modurik zegoen jakiteko. Getxoko lagun birekin ipini ziren harremanetan, izan ere, laguntza humanitarioa eramatekoak ziren eta, itzulian, autoan lekua zuten gu ekartzeko. Koinataren gurasoen herria lau ordura dago Poloniatik. Hara joateko, autobusa eta trena hartu genituen. Oinez ere joan ginen. Muga iluntzeko zortzietan-edo gurutzatu genuen, oinez. Jende asko zegoen, eta elurra. Krakovian egun bi eman genituen, hostel batean, harik eta Getxoko lagunekin elkartu ginen arte. Boluntario asko zeuden, jatekoa eta edatekoa ematen ziguten”.
“Poloniako muga iluntzeko zortzietan-edo gurutzatu genuen, oinez. Jende asko zegoen, eta elurra”
Aita eta neba nagusia Ukrainan daude. Gerra-legea dela eta, 18 urtetik 60 urtera bitarteko gizonek debekatuta dute herrialdetik ateratzea. “Dena dela, haiek ez zuten Ukrainatik atera nahi. Boluntario moduan eman zuten izena armadan, baina ez zituzten hartu, guztientzako armarik ez zegoelako. Duela egun gutxi bideodeia egin dugu haiekin hitz egiteko. Ondo daudela esan digute, baina triste sumatu ditugu…”. Oso borrokaldi gogorrak izan dira Irpinen armada errusiarraren eta armada ukrainarraren artean. Euren herria horrela ikusita zer sentitu duten galdetu diegu. Lizak ez du jakin zer erantzun; amaren hitzak itzuli ditu: “Hangoak jende arrunta gara eta bizitza arrunta egiten dugu. Ez dugu inolako errurik. Halako gauzak gertatzea penagarria da oso”. Ezagun gehienak Irpinetik atera dira. “Lagun bat, berriz, Leopolisen bizi da eta kontatu dit aste bi eman dituztela sototik atera gabe. Antza, soka garden batek etxea inguratzen zuen eta hura ukituz gero, bonbak lehertzen ziren. Azkenean atera dira eta orain beste herri batean dago, bere amamaren etxean. Ondo dagoela esan dit”.
“Aitarekin eta neba nagusiarekin hitz egin dugu. Ondo daudela esan digute, baina triste sumatu ditugu”
Zalantzaz beteta
Liza zortzi urte zituenetik etortzen da Deriora, uda Joseberen familiarekin pasatzera. Aurten amarekin eta nebarekin egin du Ukrainatik Txorierrirako bidea, Getxoko boluntarioen furgonetan eta beste familia ukrainarrarekin batera. Zalantzaz beteta etorri dira, gainera, ez dakitelako gerra noiz amaituko den eta etxera noiz itzuli ahalko diren. “Lehen egunean elkarri begiratzen genion, eta berton zer egingo dugun galdetu. Amak dio ezin garela beti Josebe eta bere familiarekin bizi. Oso kezkatuta dago. Irpinera itzuli nahi du, baina ez diogu uzten”.
Bitartean, hemengo bizitzara ohitzeko ahaleginetan dabiltza. “Fedirrek eta biok online jarraitzen diegu eskola-saioei, eta ama gaztelania ikastera joaten da Helduen Heziketarako Ikastetxera; ni ere hara joaten naiz hizkuntza hobetzera”. “Udalak igerilekuetako bonua eman die, sei hilabetean erabil dezaten. Liza oso igerilari ona da”, gehitu du Lopezek. Bere esanetan, lerro hauek idatzi arte ez dute laguntza handirik jaso administrazioetatik. “Martxoaren 14an Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordera jo genuen, eta bertan alta egin. Gizarte-langile batek deituko zigula esan ziguten, baina ez dugu oraindik bere berririk izan. Non gelditu ez dutenei lehentasuna ematen dietela jakin dut; nik bakarrik eskatzen dut esateko zer-nolako urratsak egin behar ditugun, orain arte egindakoa nire kabuz jakin izan dudalako. Atzerritarren identifikazio zenbakia atera dute, etxean erroldatu ahal izateko eta amak Lanbiden izena eman dezan. Semea institutuan noiz hasi zain gaude”.
Derioztarren babesa eta atxikimendua jasotzen dabiltza, eta eskertuta azaldu dira. Hala ere, etxera itzuli nahi dute; gaur bertan, ahal izanez gero. “Eskerrik asko laguntza humanitarioagatik, baina orain arma gehiago behar ditugu, eta Europak eta NATOk erantzun sendoagoa adierazi dezatela, Errusia gelditzeko”, esan du amak. Zain-zain daude haien herrira noiz bueltatu.