Marikobaso Espazioa

“Aurrera jarraitzeko beste indar hartu dugu”

a: Marikobaso Espazioa 2022ko mai. 2a, 14:13

Martxoaren 19an, Marikobaso Espazioa aurkeztu zuten jendaurrean, Derion. Hori herriko hainbat elkarte eta pertsona auzolanean egiten dabiltzan proiektua da eta lau zutabe nagusi ditu: kultura, euskara, feminismoa eta ekologia. Marikobasozainek kontatu digutenez, egitasmoak harrera ezin hobea jaso du, eta gogotsu dabiltza bidea egiten jarraitzeko.  

Aurkezpen dotorea egin zuten Urkiola kaleko seigarren zenbakian: egitasmoaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, Gazte Orkestrak ordubeteko kontzertua egin zuen eta kopaua egon zen Marikobaso Espaziora gerturatutako guztientzat. “Nahiko lagun batu ginen bertan, nagusiak, helduak, gazteak zein umeak, eta pozgarria izan zen, gure asmoa baita gune hau adin guztietara zabaltzea. Era berean, jakinmina zela eta, kaletik pasatzen ziren pertsona batzuk ere ekitaldian gelditu ziren, eta gizarte-sareen bidez jaso ditugu aurkezpenera hurbildu ezin izan ziren lagunen animoak eta desio onak”, kontatu digute Ane Lopezek eta Aitor Duranek. “Oso aurkezpen hunkigarria izan zen. Babesa jaso dugu, eta guk ez ezik gainerakoek ere gune hau beharrezkotzat jotzeak adierazten du badugula zer egin. Aurrera jarraitzeko beste indar hartu dugu”.

“Guk ez ezik gainerakoek ere gune hau beharrezkotzat jotzeak adierazten du badugula zer egin”

Babes ekonomikoa ere jaso dute. Horrela, egitasmoa finantzatzen laguntzeko crowdfunding- kanpaina egin dute eta gutxieneko diru-kopurua gainditu dute. Guztira 4.684 euro batu dituzte. “Euskal Herriko zazpi probintzietatik eta Galiziatik jaso ditugu diru-ekarpenak. Poz-pozik gaude, dirua behar dugulako proiektua sustatzeko: alokairua, ura, argindarra eta ekintzak ordaindu behar dira”. Autokudeaketa oinarri izango dute Marikobaso egitasmoak berak eta bere gerizpean mamitzen diren ekintza guztiek. Hortaz, esandako diru-kopurua nahikoa izango da hurrengo hilabeteetan aurrera egiteko, baina beste finantzazio-era batzuk topatu beharko dituzte. “Maiatza aldera bazkidetza-kanpaina ipiniko da martxan, herriko eta inguruko jendeak ere egitasmoan parte hartu ahal izateko. Bazkidetza-kanpaina urte osoan egongo da zabalik. Urteko kuota ordaindu beharko da eta bazkideak lehentasunak izango ditu, adibidez, sarrerak merkeago erosteko edo lehentasuna izena emateko orduan”.

“Euskal Herriko zazpi probintzietatik eta Galiziatik jaso ditugu diru-ekarpenak; poz-pozik gaude”

Izan ere, Marikobaso Espazioa herriari ekarpena egiteko jaio da. Horregatik, eta kultura, euskara, feminismoa eta ekologia ardaztzat dituela, hainbat ekintza egiteko gunea eskainiko die derioztarrei. Martxoan eta apirilean egin dira, besteak beste, Martxoaren 8ari lotutako dantza-tailerra, KORRIKA kulturalaren ekintzak, herriko artisauen azoka eta biniloak jartzea. “Azoka hilean behin antolatzeko asmoa dugu. Hura Marikobasotik kanpo etorritako proposamena izan da, eta oso harrera ona izan du. Hain harrera ona, ezen herritar batzuk azaldu baitira azokan parte hartzeko prest. Bestalde, Txukun programa sortu da egitasmoaren baitan. Horren ardatza ekologismoa da eta hilean behin egingo dugu. Lehen saioan, esaterako, joan ginen 280 Uribe GR garbitzera eta sastrakak kentzera. Marikobasotik at egin dugun lehen ekintza izan da, ze hori ere garrantzitsua da guretzat. Gainera, ekologismoaren inguruko taldea sortu da gure baitan eta ekoplan bat garatzen dabiltza”. Era berean, apirilean Derioztartu eskola-saioei hasiera eman zieten, eta intsumisio fiskalaren inguruko tailerra egin zuten.

Elkartegintza

Marikobaso Espazioa herriko hainbat elkartek, taldek eta pertsonak ipini dute martxan, eta haien artean daude Tximitx komunitatea, San Isidro-jai batzordea eta Koxak talde feminista. Herritarren elkargunea izateaz gainera, elkartegintza indartzeko proiektua ere bada, eta Derioko talde eta koadrila guztiei zabalik dago, bertan bilerak, tailerrak eta gainerako ekintzak jorratu ditzaten. Esan moduan, auzolanean garatutako proiektua da eta egoitza ere auzolanean atondu dute. Bertan daude, besteak beste, ikastaroak eta hitzaldiak egiteko aretoa, bileretarako gela, partaideek eramandako liburuez hornitutako liburutegia eta chill out txokoa. Kanpoaldea ere lagunen artean apaindu dute: murala, grafitia, kartela… Ekitaldiak-eta kanpoaldean ere egiteko asmoa dute, eta horiek herriko beste toki batzuetara ere eraman.

“Elkartegintza indartzeko proiektua ere bada, eta Derioko talde eta koadrila guztiei zabalik dago”

Ekitaldiak herriko beste toki batzuetara ere eramateko asmoa dute   

Herriko talde guztientzako eta adin-tarte guztietako derioztarrentzako lekua da Marikobaso Espazioa. Azaldu dutenez, egitura horizontala izango du eta erabakiak modu demokratikoan hartuko dira. “Hau gure beharrak asetzeko lekua da eta nahi duena etor daiteke parte hartzera eta ideiak ematera. Guztiok ekartzen ditugu ideiak eta ilusioak eta horrela egiten dugu aurrera”. Etorkizunean jarraitu beharreko urratsak egunetik egunera zehaztuko dituzte. “Gure lau ardatzak finkatuta ditugu, baina zabalik gaude proposamenetarako eta beste eragile batzuk ere proiektuaren partaide izan daitezen. Etorkizunak esango du. Dena dela, jaso dugun babesa eta jarrera ona ikusita, aurrera jarraituko dugu, gogotsu gabiltza eta. Maiatzean edo ekainean asanblada orokorra egin beharko genuke ideiak jasotzeko”.

“Gure ardatzak dira kultura, euskara, feminismoa eta ekologia; hala ere, zabalik gaude proposamenetarako”

Marikobaso auzoa Derioko eta Zamudioko lurretan dago, Bilboko hilerriaren eta aireportuaren artean. Kultura, ekologismoa, feminismoa, euskara eta elkartegintza egitasmoaren bidez zabalduko da Derioko txokoetara, eta auzo bitxi horrek ere lekua izango du herrigunean.  

 

Datorrena

Hurrengo asteetan ekitaldiak egongo dira Marikobaso Espazioan. “Maiatzean, herriko jaietan, azokan izango gara taloak egiten eta batzen den diruaren zati bat Marikobasorako izango da; beste zatia oraindik zehaztu barik dugun elkarte baterako izango da. Azkenik, eta eguraldia lagun badugu, maiatzaren 29an Untza erreka garbitzera joango gara”. Aipatutakoak lerro hauek idaztean itxita izan dituzten ekintzak dira eta baliteke beste batzuk ere antolatzea; beraz, adi egon Marikobaso Espazioaren gizarte-sareei eta ohiko hedapen-kanalei. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).