“Grina handia dut sukaldaritzarekin zerikusia duen guztirako: sukaldaritza orokorrerako zein gozogintzarako. Gainera, egiten dudana zenbat eta landuago izan, orduan eta hobeto”, azaldu digu. “Egia da amaren etxean mugatuago nengoela: asko zikintzen nuela, gauzak beti traban zeudela… Eta beharrezko tresna asko ere ez nituen. Hortaz, gozogintzan bete-betean hasi nintzen Deriora etorri nintzenean, duela 10 urte”.
Castillok denetariko gozokiak egiten ditu: tartak, opilak, pastelak, te-pastak, gailetak… “Fondanta izan ezik, dena egiten dut. Jendeak eskatzen dit eta nahi dutena ea egin ahal den aztertzen dut; bestela, beste aukera batzuk ematen dizkiet. Fondata ez zait gustatzen, azukre hutsa da eta”. Bere etxeko gozokien gozotasuna ahoz aho zabaltzen da senideen eta lagunen artean, eta Instagramen ere kontua du: Los dulces de Lau. “Aste guztietan dut enkarguren bat, gehienbat urtebetetzeetarako. Gabonetan ere mugimendu handia dago: azken Gabonetan, esaterako, 26 errege-opil egin nituen”.
Kinder tarta da gehien eskatzen diotena. “Umeen urtebetetzeetarako. Izan ere, gozo-gozo egoteaz gainera, oso ikusgarria da: Nutella kremazko tarta da, eta apaingarri moduan Kinder arrautzak-eta erabiltzen ditut. Ez dakit tarta hori zenbat aldiz egin dudan…”. Zeliakoentzako gozokiak ere egiten ditu. “Bakarrik haientzat erabiltzen ditudan tresnak ditut”, zehaztu du. Era berean, fit postreak prestatzen ditu, azukrerik gabekoak, eta eskolako urtebetetzeetara eramateko txokolatezko piruletak, gailetaxoak… “Behin bizkotxo koloretsua egin nuen ilobarentzat eta ikaskideek flipatu egin zuten. Tarta pertsonalizatuak ere egiten ditut, baina, lehen esan moduan, fondataren ordez beste osagai edo aukera batzuk erabiltzen ditut; adibidez, irudiak olata jangarrietan inprimitzea”.
Bere tarta izarra Kinder tarta izan arren, aitortu digu harro bereziki bere gurin-opilez dagoela. “Sei urte eman ditut gurinezko opilak behar den moduan egitea lortzeko. Asko eta asko bota ditut zakarrontzira…”. Esperimentazioa bere jardunaren oinarrietako bat dela esan digu. “Nik ez dut inoiz ikastarorik egin; oinarrizko errezeta bat hartzen dut eta hura aldatuz joaten naiz, harik eta nahi dudan ukitua lortzen dudan arte. Edo senarrak ontzat ematen duen arte: nire kritikari nagusia da (kar-kar). Gakoa da asko irakurtzea, bideo asko ikustea, esperimentatzea, behin eta berriro saiatzea… Askotan galdetzen didate saiakera horien guztien emaitzekin zer egiten dudan, ea jaten ditudan… Egia esan, gozokiak baino askoz gehiago gustatzen zaizkit postre gaziak; eskerrak beti boluntarioren bat prest dagoela nire gozokiak dastatzeko”.
“Oinarrizko errezeta aldatuz joaten naiz, harik eta nahi dudan ukitua lortzen dudan arte”
Castillo etengabe dabil ikertzen eta berrikuntzak egiten. “Errelanpagoak, esate baterako, pastel-kremaz bete ohi dira; ni, berriz, saiatzen naiz beste ukituren bat ematen: kafe-zaporeko pastel-krema, txokolatezkoa, pistatxo-zaporekoa… Hala ere, jendeak ohiko errelanpagoak nahiago izaten ditu…”. Derioztarrak aipatu digu normalean ez duela arazorik behar dituen osagaiak topatzeko. “Edozein etxetako sukaldean dauden osagaiak dira: arrautzak, azukrea, irina… Osagai gehienak supermerkatuan erosten ditut erraz, eta osagai bereziagoren bat behar badut eta non erosi topatzen ez badut, Internetera jotzen dut. Izozkiak ere egiten ditut eta horiek prestatzeko osagai batzuk, esaterako, nahitaez hartu behar ditut online… Izozkiak etxerako egiten ditut, baina aztertzen nabil terrinak egiteko aukera”.
“Gakoa da asko irakurtzea, bideo asko ikustea, esperimentatzea, behin eta berriro saiatzea…”
Etxeko sukaldean
Delicatessen-gozogintza bogan dago gaur egun eta horretan saiatzea gustatuko litzaioke. “Ikastaroren bat begiratu dut, baina lekua eta tresneria berezia eta garestia behar da gozogintza-mota hori egiteko”. Izan ere, Castillok bere etxeko sukaldean prestatzen ditu tartak-eta. “Lokal txikiren bat zabaltzea nahiko nuke: labe batzuk, hozkailuak, ikastaroak egiteko gunea… Baina oso inbertsio handia egin behar da eta laguntza gutxi daude. Momentuz etxeko sukaldean moldatzen naiz. Bertan ditu nire «tramankuluak»: 30 kilo pisatzen duen irabiagailu-oragailua –erosi behar izan nuen, asko erabiltzearen ondorioz bi hagaxkako irabiagailuak berehala apurtzen zitzaizkidalako–, izozkiak egiteko makina (16 kilokoa), bizkotxoak egiteko moldeak (10), labeko erretiluak (15), piruletak egiteko moldeak… Bestalde, labe txikia dut eta tartak banan-banan sartu behar ditut hara… Pentsa ezazue lehen aipatutako 26 errege-opil egiteko zelan moldatu nintzen! Bezperan goizaldeko 4etan hasi eta gaueko 9etan amaitu nuen!”.
Derioztarrak etxeko gozogintzaren aldeko apustua egin du. “Naturalagoa da, edonork etxean dituen osagaiak erabilita egindakoa. Pentsa ezazue, hainbeste irauteko, gozogintza industrialak zer izango duen…”. Etxeko labe txikitik usain gozoa jariatzen jarraituko du.
Harremanetarako:
659 179 924