Zelan Txorierriko gazteekin?
Gazteek orokorrean feminismoaren kontrako diskurtsoa dute gaur egun, baina bakarrizketak oso harrera ona izan zuen Derion eta, hortaz, eroso sentitu nintzen. Pozik irten nintzen aretotik.
“Gazteek orokorrean feminismoaren kontrako diskurtsoa dute gaur egun”
Joera hori duela bost urtetik hona nagusituz doa. Zer dela eta?
Erantzukizuna ez da gazteena, gizarte-sareetara feminismoaren kontrako diskurtso zorrotza eramaten duten helduena baizik. Azken urteotan barruraino sartzen ari da salaketa faltsuen mezua, indarkeria matxista existitzen ez den mezua, feminismoa gizonak deuseztatu nahi dituen txiringitoa dela… Ultraeskuinaren diskurtsoa da, doktrinatzailea dena eta feminismoaren xedeari buruz deus ere ez dakiena. Youtuber eta tiktoker asko ere eurenganatzen dabiltza doktrina hori, eta zabaltzen.
“Youtuber eta tiktoker asko ere dabiltza ultraeskuinaren diskurtsoa zabaltzen”
Nola erantzun ohi diote gazteek zure bakarrizketari?
Neskak nahiko enpatikoak izaten dira eta, zoritxarrez, euren burua ikusten dute planteatzen dizkiedan egoeretan. Hala ere, feminazi esaten didatenak ere badaude, “mutilak hain txarrak” ez direla ohartarazten didatenak. Gauza da mezua txarto ulertu dutela, nik ez dudalako uste gizonak txarrak direnik. Mutilek, bestalde, euren kontra nabilela sentitzen dute eta defentsiban ipintzen dira. Ulertzekoa da: ahalegin handia egiten dabiltza maskulinitate hegemonikoa eraikitzen eta nik maskulinitate hori kaltegarria dela esaten diet. Haserretu egiten dira. Gainera, etxetik adoktrinatuta etortzen badira, askoz okerrago.
Gizarte-sareen eragina aipatu duzu lehen.
Nahiz eta gizarte-sareetan oso feminista onak egon eta baliabideak izan, guk ez dugu lortzen youtuber edo tiktoker horiek duten eragina. Nik, esaterako, 19 urte daramatzat agertokietan, eta hamaika modutan saiatu naiz nerabeengana ailegatzen. Azkenean, eurek irakatsi digute nire diskurtso feminista barruan elkar aditze bat marrazten, eta maskulinitatea eraikitzen dabiltzan gaztetxo heterosexualengana errietatik ez ailegatzen –izan ere, guk maskulinitate-mota horren kontra egiten dugu, bortxatzen eta hiltzen gaituelako –. Ni haiengana antzerkiaren bidez ailegatzen saiatzen naiz, enpatiaren bidez; hala ere, testuingurua oso gaitza da, eraikitzen dabiltzan zerbait zalantzan ipintzen dudalako: gizona eta emakumea nola izan.
“Gazteak eraikitzen dabiltzan zerbait zalantzan ipintzen dut: gizona eta emakumea nola izan”
Bakarrizketa helduen aurrean ere antzezten duzu. Bestelako erantzuna dute?
Harreman ezberdina da, helduak emanaldira nahi dutelako etortzen dira eta. Nolanahi ere, beti izaten da norbait zer topatuko duen ez dakiena. Hortaz, mezuak haserretu egiten du eta, hausnartzera eta aldatu nahi izatera bultzatu beharrean, gorrotatzera bultzatzen du. Helduentzako emanaldietara batzuk boikoteatzera etortzeari beldur izan ohi diot, baina gazteak gehiago haserretzen dira, lehen aipatu moduan, ahalegin handia egiten dabiltzalako gizarte-sareetan eta pelikuletan ikusten duten erara gizon eta emakume bihurtzeko; nik, aitzitik, esaten diet gizona eta emakumea izateko modu hori kaltegarria dela.
Kartzelan ere antzeztu duzu bakarrizketa; mezua ondoen ailegatzen den lekuetako bat dela uste duzu.
Aurrean izan ditut bikotekidea hil duten gizonak, tratu txarren emaileak direla onartzen ez dutenak… Feminismoaren kontrako diskurtsoa barneratuta dute oso, eta gaiztoak haiek diren diskurtso politikeroa ere bai… Elkarrengandik urruntzen gaitu horrek. Hala ere, El Salvadorreko zein Espainiako kartzeletan sentitu dut gorputzez gorpuz eta bihotzez bihotz arituz gero, jendea aldatu daitekela. Ni kartzelan ez naiz inoiz erasoen beldur izan; ni hau edo bestea ekidin ahal zela esatearen beldur izan naiz. Izan ere, erantzukizuna ez da bakarrik gizabanakoarena: sistema ere bada gure ekintzen erantzulea, enpatia erabat galtzen dugunean, beste bat suntsitzen dugunean, hiltzen dugunean… Oso esperientzia gogorrak izan dira kartzelaren barruan, baina gustatzen zait han lan egitea.
Azkenean artxibatu diren salaketak ipini dituzte zure kontra, jazarpena jaso duzu gizarte-sareetan, hilko zintuztela esan dizute… Nola daramazu hori guztia?
Oso beldurgarria da; ez dakit nola jasan ahal dudan… Zorte handia dut alboan talde zoragarria eta asko maite nauen jendea dudalako, eta adorea ematen didate. Baina, egia esan, El Salvadorren –munduko herrialderik bortitzenetakoa da– bizi nintzenean baino beldur handiagoa izan dut: pentsatzen nuen edozein momentuan baten bat nigana hurbildu ahal zela eta bultzatu ahal ninduela, edo istripua eragin… VOXek testuingurutik atera zituen nire hitz batzuk, eta horri lotuta egon da nire kontrako kanpaina. Bueno, gauzak patxadaz hartzen nabil pixkanaka-pixkanaka, lanean jarraitu nahi dudalako. Bakarrizketaz gainera, sistema zalantzan ipiniko duten beste lan batzuk taularatu nahi ditut, eta erosoak ez diren gaiak hizpide izan, hala nola familian gertatutako sexu-abusuak eta amei seme-alaben zaintza kentzea. Bestalde, bost urte daramatzat jazarpen hori jasaten eta jadanik nolabaiteko ezkutua-edo dut. Edonola ere, nire lana batzuei gustatzen ez zaiela onartuta daukat, eta lanean jarraitu nahi badut, jazarpena, mehatxuak… ere haren parte direla onartu behar dut.
“Nire lana batzuei gustatzen ez zaiela onartuta daukat; jazarpena, mehatxuak… lanaren parte dira”
Hausnarketa
No solo duelen los golpes antzezlanean, bere lehen mutil-lagunarekin izandako bizipena kontatzen du Palencianok: harreman horrek sei urte iraun zuen eta bortitz bihurtu zen. Bere bizipen pertsonala abiapuntutzat hartuta, umorea, ironia eta publikoarekiko interakzioa baliatzen ditu, indarkeria matxistari buruzko gogoeta egiteko. Era berean, beste pertsona bat indarkeriaz tratatzea ahalbidetzen duten estereotipoen eraikuntza hausnartzen du.
Pamela Palenciano Andaluziako aktorea, komunikatzailea eta feminista da. 2003an No solo duelen los golpes egitasmoa ipini zuen martxan. Hasieran argazki-erakusketa izan zen, geroago indarkeriari aurre egiteko tailerra bihurtu zen, eta gaur egun antzezlana da. Palencianok 19 urte baino gehiago daramatza egitasmoa ikastetxeetara eta aretoetara eramaten.