Esther Apraiz Derioko alkateak nabarmendu du aurten ere lehentasuna herriko familiak izango direla. Horrela, “egunerokotasuna hobetu eta erraztuko dieten laguntzei” eutsiko diete, eta inbertsioak bultzatuko dituzte, “bizi-kalitaterik onena dutela” bizi daitezen. “Aurrekontu koherentea eta orekatua da, Deriok hazten jarraitu dezan, zerbitzu publikoak hobetzeko eta tokiko ekonomia-jarduera dinamizatzen jarraitzeko”. Era berean, Apraizek azpimarratu du partaidetza bidezko azken aurrekontuak oso arrakastatsuak izan direla, horietan 429 pertsonak parte hartu dute eta: aurrekoetan baino % 335 gehiagok.
Beste aldetik, udal-gobernuaren esanetan, oposizioak izan du aurrekontuak negoziatzeko prozesuan parte hartzeko aukera. “Horrela, aldez aurretik egindako negoziazio-batzordeetan EH Bilduk sei zuzenketa aurkeztu zituen, eta PSE-EEk, zortzi. Gobernu-taldeak PSE-EEren zazpi zuzenketa onartu ditu, eta EH Bilduren bi zuzenketa, eta aurrekontuetan sartu ditu”. Esan moduan, alderdi sozialistari onartutako zuzenketen artean daude Herriko Plazako kioskoko sabaia estaltzea (50.000 euro), Nekazaritza pasealekuan banku berriak jartzea (5.000 euro) eta Errekalden komun autogarbigarria ipintzea (50.000 euro). EH Bilduren zuzenketei dagokienez, udal-gobernuak azaldutakoaren arabera, 20.000 euro bideratuko dira lonja hutsak erabiltzeko ekimenak bultzatzera, eta beste 20.000 euro, etxebizitza alokatzeko gazteentzako dirulaguntzak handitzera (guztira 40.000 euro).
Udal-gobernuak 877.000 euroko diru-partida bideratuko du inbertsioetara, eta horien artean hauek nabarmendu dituzte: kirol-azpiegiturak hobetzea (100.000 euro), HAPOa (110.000 euro), eraginkortasun energetikoko neurriak ezartzea (150.000 euro), Txorierri Etorbidean baranda berriak jartzea (80.000 euro), umeentzako parkeetan konpontze-lanak egitea (30.000 euro) eta errepideen zoladura konpontzea (36.000 euro). Horiei partaidetza bidezko aurrekontuetan aukeratutako bi egitasmo gehitu behar zaizkie: pumptrack gunea (100.000 euro) eta bertoko zuhaitzak landatzea (17.000 euro).
Azkenik, esan dute oraindik ez direla 2022ko aurrekontuetan jasotako inbertsio batzuk egin, eta beste batzuk egiten dabiltzala, hala nola Aizkorriko berrurbanizazioa, Larrabarri baserria handitzea, Uribe parkean parke naturalizatua atontzea eta Ganben kirol anitzeko kantxak ipintzea.