Txorierriko institutua

Bete da aspaldiko eskaera

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 1a, 10:31

Urte luzeetan beste eraikin batzuetako instalazioak erabili eta barrakoietan ikasi ostean, Txorierri Institutuko ikasle guztiak eraikin berean daude gaur egun. Izan ere, antzinako eskaerari erantzuna eman zaio eta eraikin nagusiaren hegoaldean beste azpiegitura bat altxatu da ikasle guztiak hartu ahal izateko. Txorierrik eta bertoko ikasleek azkenean dute merezi duten institutua.  

Txorierri Institutuan eraikin berria egi­tea aspaldi-aspaldiko eskaera izan da. Ikasleak, irakasleak eta langileak 1983ko urtarrilaren 10ean sartu ziren eraikin na­gusian: aurreko hiru ikasturteetan La­rra­betzuko eskoletan eta ondoko lon­ja batzuetan ibili ziren, eta 1982-1983 ikasturteko lehen hiruhilekoan, Gal­da­kao­ko institutuak utzitako lokaletan. Juan Luis Goikoetxeak, institutuko ira­kas­lea izan zenak, aldizkari honetako orrial­deetan duela urte batzuk idatzi zuen mo­duan, Bilboko laugarren institutu legez abia­tu zen, “herritarren eskariz eta ekinez, ad­ministrazioaren pasibotasunaren au­rrean”.

Urteak aurrera joan ahala, gero eta handiagoak egin ziren Txorierriko he­rriak, eta institutua, hortaz, txiki gelditu zen bailarako ikasleak hartu ahal izateko. Le­kuren falta dela eta, 1998-1999 ikas­turtean, Derrigorrezko Bigarren Hez­kun­tza ezarri zenean, hasi zen Derioko eskolako eraikina erabiltzen. Institutuko eraikin berria, bestalde, 2010ean eraiki­tze­koa zen, baina atzerapenen ondorioz, 2016ko udan barrakoiak jarri ziren sa­rrerako patioan, leku faltari aurre egiteko. Barrakoiak pasa den ikasturtera arte era­bili dituzte ikasle eta irakasleek. 

“Lehenengo eta behin, eskerrak eman behar dizkiet ikasleen gurasoei. Izan ere, institutuaren egoeraren jakitun egon­da, institutuan izan dute konfiantza eta erabaki dute seme-alabek berton ikasten jarraitzea”, adierazi du Ainhoa Aju­riagogeaskoa zuzendariak. “Eta, jakina, ikas­leei, urte askoan eraikin batetik bes­tera ibili behar izan dutelako, eta ba­rra­koietan ere ikasi”. 

 

“Eskerrak gurasoei, erabaki dutelako seme-alabek berton ikasten jarraitzea; eta, jakina, ikasleei”

 

Instalazio berriak urtarrilean bertan inauguratu badira ere, ikasleak eta ira­kasleak Aste Santuko oporren ostean hasi ziren haiek erabiltzen. Eraikin be­rriak 4.225 metro karratuko azalera du, hi­ru solairutan banatuta, eta bertan De­rrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1., 2. eta 3. mailetako ikasleen gelak ko­katu dira. Hezkuntza Sailak ia 8,5 milioi euroko inbertsioa egin du instalazioetan, eta Derioko Udalak lurrak utzi ditu ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­handiagotzea egiteko. “Sarrerako patioko barrakoiak kentze hutsa itzela izan zen, institutuari beste garbitasun eta argitasun bat ekarri zion eta. Gainera, patio hori berreskuratu dugu, eta buruan ideia ba­tzuk ditugu, etorkizunari begira hura erabiltzeko. Bestalde, azpiegituretako ba­tzuk apirilerako erabiltzeko moduan ba­zeuden ere, irailean hasi ginen lehen so­lairua eta gimnasioa erabiltzen”.

 

Eraikin berriak 4.225 metro karratuko azalera du eta Hezkuntza Sailak ia 8,5 milioi euroko inbertsioa egin du bertan

 

Laranja bizia

Eraikin modernoa da, gune zabalak eta gardenak dituena eta eraikin na­gu­siaren aldean nabarmentzen duena, batez ere laranja kolore biziagatik. Erai­kin nagusiaren hegoaldean altxatu da az­piegitura berria, eta pasabidea egin da eraikin bietako lehen solairuak lotzeko. “Hortaz, ez dugu kalera irten behar, erai­kin batetik bestera joateko. Pentsa ezazue: eskolako eraikineko joan-etorriak normaltzat-edo hartzen genituen, baina pandemia garaian ikasgela batzuk Kul­tur Birikan atondu behar izan ziren, eta egu­nero gora eta behera ibili behar iza­tea ez zen batere erosoak”. Aurreko le­rroetan aipatutako DBHko ikasgelez gaine­ra –guztira 21–, eraikin berrian ko­ka­tu dira banaketa-gelak, curriculum ani­tzeko gela, pedagogia terapeutikoko ge­la, teknologiako bi lantegi-ikasgela, mu­sikako, dramatizazioko eta ikus-en­tzun­ezko gela, zientzia-laborategia, plas­tika-gela, liburutegia, gimnasioa eta alda­gelak eta arkupea. 

 

“Zientzia-laborategiak datorren ikasturterako hornituko dira, eta puntako teknologia ipiniko da bertan”

 

“Horiek guztiek aukera ematen digute institutuak dituen erronkei aurrera egiteko. Esate baterako, zientzia- eta teknologia-laborategiak datorren ikasturterako hor­ni­tuko dira, eta, esandakoaren arabera, punta-puntako teknologia eta tresnak ipiniko dituzte bertan. Horri esker, eskola-saioa emateko beste modu bat eskaini ahalko diegu ikasleei, eta pentsatu du­gu, beharbada, robotikari eta irudi-in­primaketari lotutako hautazko ikasgaia eskaini ahalko geniekeela DBHko bigarren mailako ikasleei”. Azaldu duenez, eraikin berrian denak elektronikoki funtzionatzen du, ateek, pertsianek zein argiek; azken horiek, bestalde, bakarrik erregulatzen dira kanpotik sartzen den argitasuna zein den. Airea berritzen duen sistema ere ipini dute ikasgeletan, eta aire-kalitatea askoz hobea da.  

Aipatu moduan, gimnasio berria ere egin da, aldagelak eta dutxak. Ondorioz, bi gimnasio daude institutuan eta horiek biek zein eraikitako aterpeak ahalbidetuko dute zenbait ikasgeletako ikasleek aldi berean gorputz-hezkuntzako saioa egitea. Halaber, sarrerako patioa eta patio handia lotu dira pasabide baten bidez. “Oso-oso patio handia dugu orain. COVID-19a dela eta, DBHko ikasle batzuek ondoko parkean eman behar zuten atsedenaldia, baina orain guztiak institutuan egon daitezke. Lau futbol-zelai ditugu patioan, eta haien barruan, saskibaloi-pistak. Hain patio handia dugunez, eroso garatu dezakegu Patio Aktiboa egitasmoa. Patioa gatazkak sortzen diren gunea eta unea izan ohi da, eta egitasmo horren bidez patioa dinamizatu eta elkarbizitzaren alde egin nahi dugu. Denetariko jolasak antolatzen dira horretarako, eta guztiek de­netarik egin behar dute: sokasaltoa, zelai erreak, batxilergoko ikasle batzuek irakasten dituzten dantzak… Mahai jo­koak ipintzeko asmoa ere badugu”. Kan­poal­dean ere aparkalekua atondu da, ikas­leak modu seguruagoan autobusera sar­tzeko eta handik irteteko. “Lehen erre­pidea gurutzatu behar zuten, eta zebra-bidea egon arren, apur bat arriskutsua iruditzen zitzaigun eta laguntzen genien; orain zuzen-zuzenean sartzen dira auto­busen aparkalekura eta ez dago inongo arriskurik”.

 

Eraikin nagusian ere lanak

Beste aldetik, institutuko eraikin na­gusian ere egin dira berritze-lanak. Bes­teak beste, eraikineko hegaletako bat luzatu da, bertan ikasgela osagarriak ipintzeko. Era berean, barruko gune batzuk birbanatu eta berrantolatu dira, eta komunak egokitu. “Institutuak berak ordainduta, solairu oso bateko sabaiak beherago ipini dira akustika hobetzeko. Nahiko txukun gelditu da, eta beste so­lairua ere egokitu nahiko genuke. Az­kenik, areto nagusia lortu dugu, lehen ez genuena. Han bilera handiak egiten di­ra gurasoekin, irakasleen heziketa, hi­tzaldiak, kontzerturen bat…”.

 

Eraikin nagusian ere egin dira berritze-lanak: eraikineko hegaletako bat luzatu da, eta solairu bateko akustika hobetu

 

2022-2023 ikasturtean, DBHko eta Ba­txilergoko 780 ikasle, 96 irakasle eta 16 langile daude Txorierri Institutuan. DBHko 1., 2. eta 3. mailetako ikasleen gelak erai­kin berrian kokatu dira, eta DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleen ge­lak eta Zereginen Ikaskuntzarako Ge­la, eraikin nagusian. Azken hori da hez­kuntza-premia bereziak dituzten eta Ira­kaskuntza Ertainetako eskolaratze arrun­tean sartzeko baldintzak betetzen ez di­tuzten 16 urtetik 20 urtera bitarteko ikas­leentzat. “Institutuan ikasle guztiak iza­tea, elkarrekin eta oso instalazio eroso ba­tzuetan, oso-oso pozgarria da guretzat”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).