Energia jasangarriei lotutako SECOVE proiektu europarrean dabil Politeknika Txorierri

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 28a, 09:55

Proiektuaren helburua hau da: lankidetza-sarea sortzea lanbide-heziketako bikaintasunezko zentroen eta energia jasangarrien sektoreko enpresen artean, lan-merkatuak energia jasangarrien arloan dituen beharrizanei materiala sortzeko, hala nola trebakuntzak eta lanbide-heziketarako hezkuntza-material espezifikoa. Proiektuan Greziako, Italiako, Eslovakiako, Portugaleko eta Espainiako 20 enpresa baino gehiago batu dira, eta haien artean Politeknika Txorierri dago; Ondoan eta Gaia ere egitasmoan dabiltza.

Esandako bost herrialdeetako bikaintasun profesionaleko ikastegiek lankidetzan dihardute, herrialdeek ikuspegi komuna izan dezaten. Besteak beste, merkatuak energia jasangarriaren arloan dituen beharrizanei erantzuteko hezkuntza-materiala ekoiztuko da, sinergiak bultzatuko dira industriako ordezkarien eta Lanbide Heziketako (LH) erakundeen artean, LHren ikuspegi inklusiboa eta emakumeentzako erakargarria bultzatuko da, eta kalitateko kultura eta berrikuntza txertatuko dira hezkuntzan eta lanbide-heziketan.

Programaren baitan hurrengo jarduera hauek egingo dira: tokikoz eta nazioz gaindiko 28 lantegi, 600 profesional elkartuko dituzten Networkingeko ekitaldiak, nazioarteko mugikortasuneko programak LHko 45 ikasleentzat, bigarren hezkuntzako neskentzako bederatzi prestakuntza (180 partaide), gaitasunak garatzeko lau ekitaldi (erakunde bazkideetako 89 pertsona trebatuko dira) eta nazioz gaindiko hiru biltzar (210 partaide).     

Jarduera horietako bat otsailean izan da Bilbon, Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hubean hain zuzen. Bertan lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko kolaborazio-aukerak landu zituzten. Era berean, energia jasangarrien arloko langileen beharrizanak aztertu zituzten, eta LHko ikastegiek beharrizan horiei nola erantzun. Horrezaz gainera, egitasmoak LHko bikaintasunari nola lagundu ahal dion hausnartu zuten. Bestalde, energia iraunkorraren sektorean, Euskadik ardatz izango ditu adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta IoT.

Atenasko West Atticako Unibertsitateak zuzentzen du SECOVE egitasmoa, eta Europar Batasunaren Erasmus+ programak finantzatzen du. Proiektuak Europako Itun Berdearekin egiten du bat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).