"Hamazortzi urte nituela, makillajea gustatzen zitzaidan eta Bilbora, Hermanos Larrinaga akademiara, joan nintzen Estetika eta Irudi Pertsonala ikastera. Hala ere, graduak aurrera egin ahala, konturatu nintzen azazkalak lantzea gustuko nuela. Eta ikasketak bukatutakoan, horretan ibili naiz lanean", esan du Olabarrietak. Bere esanetan, azazkalak apaintzeak ukitu artistikoa du. "Azazkalak zaindu, kolorea eta forma eman, marrazkiak egin... Niretzat oso polita da, gauza berriak asmatzea gustatzen zaidalako. Oso perfekzionista naiz eta nahi dudan moduan atera arte, ez dut lana bukatutzat ematen. Ez naiz pazientzia handikoa, baina azazkalak lantzeko, ordea, behar den denbora ematen dut. Gakoa da lana gustatzea".
"Azazkalak zaindu, kolorea eta forma eman, marrazkiak gainean egin... Niretzat oso polita da"
Derioztarrak makillajea ere ikasi zuen graduan, baina gaur egun ikasitakoa oso gutxitan erabiltzeko aukera du. "Inork ez dizu makillaje artistikoa eskatuko. Ezta makillaje arrunta ere, ezkontza edo ekitaldi bereziren bat egon ezean. Gradua bukatutakoan, ez dugu ezta ikasitakoaren laurden bat ere praktikan jarri. Ezagutza handia izan arren, alferrikakoa da, hori egiteko aukerarik ere ez duzulako. Inauteriak ospatu ditugu otsailean eta horretarako dibertigarria da. Hau da, makillajea zaletasuntzat joko nuke, baina ez ogibidetzat. Gainera, gaur egun hainbat tutorial daude Interneten eta edozeinek egin dezake".
Olabarrieta Mungian eta Zamudion ibili da lanean, estetika zentroetan eta ile-apaindegietan. Gaur egun, aldiz, langabezian dago eta bere kabuz negozioa irekitzea gustatuko litzaioke, baina oso garestia da. "Lokala, autonomoen kuota... Gastu asko daude. Ile-apaindegietako lan-baldintzak ere ez dira batere onak: jardunaldi erdian, soldata txikia... Eta Estatuko hitzarmena dago indarrean, ez Euskal Herrikoa, hemengoa azken 20 urteotan berritu ez delako. Estatuan hemen baino merkeagoa da negozioa martxan jartzea".
Azazkalak zaintzea modan jarri da eta horren haritik, lehia handitu egin da, asiarrek kudeatutako denden eskutik. Uxue leku horien kontra agertu da. "Bertan dena da merkeago: materialek ez dute zerikusirik nik erabili ahal ditudanekin, eta askotan osasun erakundeek ez dituzte material horiek behar bezala aztertzen. Ni gaztetan hara joaten nintzen, merkeak direlako, baina gaur egun ez dut horrelakorik egiten. Bertan lortzen duzun emaitza ez da nik lortzen dudana: nabarmena da nik ikasi dudala eta haiek, ordea, ez".
Gizarte sareak
Lan bila dabilen bitartean, etxekoei eta lagunei apaintzen dizkie azazkalak, "trebetasuna ez galtzeko". "Eta batzuetan nire buruari ere bai, ahal dudan moduan (kar-kar)". Bere lanik onenak Instagramen jartzen ditu ikusgai, @u.beauty_ kontuan. "Gradurako ireki nuen kontua eta apurka-apurka argazkiak igo ditut hara. Nire lanik onenak erakusten ditut, niretzat kontu profesionala delako. Gero eta zale gehiago ditut. Horrezaz aparte, kontu pertsonala ere badut, egunero erabiltzen dudana".
Gizarte sareak eguneroko tresna dira gazteentzat eta bertatik nork bere bizitzaren berri ematen du. Eta estetika gero eta garrantzitsugoa da. "Hori onuragarria da nire lanerako, baina batzuetan gehiegikeriak egiten dira. Esate baterako, ez da normala 19 urteko neska batek bost ebakuntza estetiko egitea. Bakoitzak baditu bere ezaugarriak, eta hori guztia bada zure mamia. Onartu behar da. Beraz, mugak jarri behar dira. Tamalez, gehiegikeria horietan, gizarte-sareek eragin handia dute".
Esaten da estetika emakumezkoen ardura dela, baita azazkalak zaintzea ere, baina Olabarrietaren esanetan, gizonekoak ere izan ditu bezero. "Gero eta gizonezko gehiagok zaintzen dituzte azazkalak. Normalean, 40 urte baino nagusiagoek eskatzen dute manikura; eta gazteagoek, denetarik: manikura, beltzez margotzea, xehetasun koloredunen bat... Era batean edo bestean, beti pintura matean eskatzen didate, distira femeninotzat jotzen delako. Tabu hori ez da oraindik tamalez gainditu". Olabarrietak esan du 20-30 minutu ematen dituela manikura egiteko eta beste 20-30 margotzeko, baina lan handiagoek guztira ordu bi eskatzen dituztela. Nor da hurrengoa?
Gero eta gizonezko gehiagok zaintzen dituzte azazkalak: nagusiek, manikura; gazteek, ordea, denetarik"