Sinadurak batzen dabiltza Derioko hilerrian lurperatutako sei gudari babesteko

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 13a, 13:10

Juan Zabala Loza Begoñako gudariaren iloba da Unai Zabala Arrieta. Aitite eta beste bost gudari Bilboko hilerrian daude lurperatuta, Pikaza familiak utzitako hilobi batean. Zabalak azaldu duenez, hilobiaren emakida iraungita, gudarien senideek martxoaren 27ra arte dute hura erosteko; bestela, salgai ipiniko da. Zabalak sinadura bilketa ipini du martxan: gudarienbabesa.eus

Zubiaur konpainiako gudariak izan ziren Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazeleta Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Echebarria Uriarte eta José Chinchurreta Zamakona; seiak, Begoñako bizilagunak. 1936ko irailaren 25ean Zirardamendi mendiko batailan hil zituzten, Elgoibarren, eta hango baserri baten aldirietan lurperatu. Elgoibarreko baserritar batek bazekien Begoñako gudariak non zeuden hobiratuta, eta bere azalpenei esker lurpetik atera, eta Bilboko hilerrira eraman zituzten, Deriora. “Pikaza familiak utzitako panteoian hobiratu zituzten. Aitortza handia egin zieten, politikoa zein erlijiozkoa”, kontatu digu Unai Zabala Arrietak.

Hilobiaren emakida 2000. urtean iraungi zen, eta, Zabalaren esanetan, Bilboko Udalak aurtengo martxoaren 27ra arte eman die emakida erosteko aukera gudarien senideei. “Egun horretarako gure berririk ez badute, hiru hilabete gehiago emango dizkigute zer egin erabakitzeko. Ostean, emakida salgai ipiniko dute; eta saltzen bada, gudarien hezurrak eta hondakinak handik aterako dituzte, eta hezurtegi komun batean sartu”. Zabalaren hitzetan, Bilboko Udalak ez die eman gorpuzkiak hilobitik atera eta beste leku batean ipintzeko.

Aurreko lerroetan aipatutakoaren berri iaz izan zuen. “Txiki-txikitatik joaten naiz aititeren hilobia bisitatzera. Hilobiko hilarrian inskripzio bat zegoen, baina denboraren poderioz hondatuz joan zen eta ezin zen irakurri. Hori dela eta, 2021eko urrian eskaera aurkeztu nion Bilboko Udalari, hilarria babesteko eta berriztatzeko”. Hainbat hilabeteren ondoren eta hainbeste tematu ostean, udalak eskaini zion hilarria berak berriztatzeko aukera. “Nire kabuz ipini nuen 2022ko irailean. Bestalde, gudariak oso egoera zaurgarri batean zeudela ikusita, Arartekoarengana jo nuen 2023ko otsailean; zer aztertu zegoela esan zidan. Bilboko Udalak bidali zion txostenean azaltzen zenez, araudia kontuan hartuta ezin da hilobien artean ezberdintasunik egin. Hortaz, gudariek bertan segitzea nahi badugu, gure poltsikotik 10.000 euro ipini behar ditugu, hilobiaren emakida erosteko. Nolanahi ere, emakida 50 urtetarako da; denbora-tarte hori pasatu ostean, egoera berean egongo gara berriro”.

Instituzioek gudarien hilobia babestu behar dutela sinetsita, Zabala Gogora Institutuarekin ere ipini zen iazko uztailean. “Ulertzen dutela esan didate, baina ezin dela ezer egin. Amorrua ematen dit, beti entzun dudalako haiengana hurbildu ahal garela babes bila”. Gauzak horrela, sinadura-bilketa jarri du martxan, gizartearen babesa lortzeko. Era berean, Ambrosio Echebarriaren senideekin harremanetan ipintzea lortu du, eta horiek ere adierazi diote gudariak bertan jarraitzea nahi dutela. “Sinadura-bilketaren bidez eskatzen dut, alde batetik, sei gudarien hilobiaren salmenta eteteko; eta bestetik, hilobia Memoria Historikoaren Legearen baitan babesteko. Nire ustez, aterki legala dugu horretarako, baina borondate politikorik ez”.

Hilobiaren emakida erosteko epea amaitu baino lehen, Zabalaren asmoa da sinadurak Bilboko udaletxean zein Gogora Institutuan aurkeztea. “Eta zarata egitea, egoera bidegabe hau ezagutzera emateko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).