Indarkeria matxistari erantzun integrala emateko, erakundeen arteko lehen protokoloa aurkeztu da Derion

Aikor aldizkaria 2025ko api. 4a, 13:12

Derioko Udalak prentsa-ohar baten bidez zabaldu duenez, onartu eta abian jarri dute “Derion indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko jarduera eta koordinaziorako I. protokoloa”. Protokoloak jarduera-esparru amankomun bat ezartzen du udalerrian indarkeria matxistak prebenitzeko, antzemateko eta eraginkortasunez artatzeko, eta hainbat eragileren artean osatu dute, hala nola Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza eta ikastetxeak.

Protokoloaren sarreran nabarmendu duten moduan, “tresna bizia da, etengabeko hobekuntzara bideratuta dago eta Derioko errealitate espezifikora egokituta dago”. Horrela, helburuen artean daude langileen etengabeko prestakuntza, erakundeen arteko koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa egiteko datu-bilketa, eta biktimaren kontzeptua zabaltzea, bere baitan hurbilekoak eta LGTBIQA pertsonak sartuz.
Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “protokoloak instituzio eta udalerri gisa dugun konpromisoa indartzen du. Emakume, haur eta pertsona guztiek Derio leku segurua dela sentitzea nahi dugu, eta ez daudela bakarrik; irmotasunez eta, batez ere, gizatasunez babesten duen herria garela sentitu dezaten”. Prentsa-oharrean adierazitakoaren arabera, ekimenaren bidez “Derioko berresten du indarkeria matxistarik gabeko gizartearekin duen konpromisoa, eta biktimei arreta integrala, enpatikoa eta pertsonalizatua ematen die”.