Derion azken mendean mugimendu sozial indartsuak egon izan dira. Bilbotik desanexionatzea lortu zuenetik 1983an, herria zein biztanleria asko hazi dira. Horrek “herriaren ezagutza galtzeko arriskua” ekarri du. Hori ekiditeko helburuarekin, duela ia hiru urte Tximintx euskara elkartea, Koxak talde feminista eta Derioko Jai Batzordea batu egin ziren Marikobaso kolektiboa sortzeko.
Duela pare bat urte, derioztar batek hainbat kutxa eman zizkien Marikobasoko kideei. Bertan, 1970. eta 1980. hamarkadako borroka sozialen inguruko dokumentazioa zegoen: prentsa-zatiak, kartelak, panfletoak… Hura ikustean, horri “forma emateko beharra” sentitu zuten kideek, eta liburu baten bidez burutzea erabaki zuten. “Errazena, merkeena eta erosoena zen liburu moduan plazaratzea”, dio izena eman nahi izan ez duen kide batek, “kolektibotasuna lehenetsi” nahi baitu.
Horrela, martxan jarri zuten Derioko borroka sozialen inguruko liburua. Liburu hau, “Derioko Mobidak” deitzen dena, hiztegi formatuan antolatuta dago, hau da, bertan borroka sozialekin erlazionatutako hitz edo kontzeptuak daude, eta ondoren haren inguruko informazioa azaltzen da, alfabetikoki. Horren bidez, azken mendean “Derion izandako borroka sozialen mapa” eraiki nahi izan dute.

Hemeroteketan oinarritutako dokumentazioa
Liburua prestatzen hasi baino lehen, kide honek azaltzen du zerrenda bat egin zutela “liburuan ezinbestekoak izan behar duten hitz eta kontzeptuekin”. Hala ere, zerrenda “ia etengabe” luzatu dutela dio barre artean. “Ziurrenik beste urtebetez luzatu izan bagenu agian liburuak beste 100 orrialde izango lituzke”.
Liburu honi forma emateko, jasotako kutxez gain, Marikobasoko kideek bibliografia dokumentala erabili izan dute: hemerotekak, Internet… baita Aikor bera ere: “Aikor-etik batez ere azkenengo urteetako gauzak jaso ditugu”, dio kide honek. Hala ere, ez dute nahi izan haiek dena idaztea hemeroteketako informazioa hartzean. Izan ere, kide honek azaltzen du, zenbait elkarte edo mugimenduen inguruko erreportaje edo artikuluen kasuan, haiek berdina idatzi beharrean “ia-ia bere horretan” ekarri dutela liburura, “betiere iturriak aipatuz”.
Esan bezala, erabili izan duten bibliografia guztia dokumentala izan da, ez dute testigantza zuzenik ezta ahozko informaziorik jaso liburu honetarako. Hala egin izan balute, “agian ez genuke prozesua inoiz bukatuko”, dio kideak barrez. Beraz, nahiz eta atal batzuetan “hankamotz” gelditu, hasierako erabakia “mantentzea” erabaki zuten. “Egia da zerrenda horretako hitz batzuk edo hitz batzuen inguruan informazioa lortzea kosta egin zaigula, baina hura izan zen erabakia”.
Bestalde, honek Deriori buruz ez zekitena deskubritzeko balio izan zaie Marikobasoko kideei, eta kide honek azken momentuan gertatutako pasadizo bat nabarmentzen du. Liburuaren azken bertsioa “eginda” zutenean, deskubritu zuten euskal tradizioan ezaguna den “Isabelatxu” kanta Derion jasotako kanta dela. Kanta honek tradizio handia du euskal kulturan, baina ezagutzera Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Bixente Martinezek osatutako Hiru Truku taldeak eman zuen. Hau “irail erdialdean” gertatu zela dio kideak, eta maketazioa bukatuta ez zutenez, “azken momentuan gehitzea” erabaki zuten. “Horrelako asko daude, sorpresa pila bat deskubritu ditugu”.
Izan ere, liburu honekin atera duten ondorio nagusia izan da “Derio herri borrokalari bat” izan dela, batez ere 1970. eta 1980. hamarkadetan. Marikobasok borroka horiek guztiak “aldarrikatu” nahi ditu hiztegi honekin, herriaren “ondarea” baita. “Derio herri borrokalari bat izan da, eta uste dugu etorkizunean ere horrela izaten jarraitu beharko dugula, gure bizi-baldintzak hobetzea nahi badugu”.

Nola eskuratu ahalko da liburua?
Irakurleren batek hiztegi hau eskuratu nahi badu, jakin dezala Marikobasok aurresalmenta jarri duela martxan jada. Bertan, Interneteko galdetegi bat bete beharko du, izen-abizenak, kontaktatzeko modua eta bestelakoak zehaztuz. Horrez gain, Marikobaso Espazioan bertan ere erosi ahal izango da liburua, baina Marikobasokoek “aurresalmenta bidez erostea” gomendatzen dute, inprima- tzea bertako eskariaren araberakoa izango delako, “autoedizioa” baita. Prezioari dagokionez, 18 eurokoa izango da, “gastuak ordaintzeko bestekoa”, ez baitago irabazi asmorik. Beraz, Marikobasoko kideak dioen moduan, aurresalmentan 200 pertsonek erosten badute, 300 liburu inprimatuko dira, eta 50 pertsonek erosten badute, 80 liburu, baina “ez dago aurretik erabakita”.