Euskararen normalkuntza prozesua bide luzea izan da; lan handia, gogorra eta sakona egin dogu hainbatek eta herritarrek konpromezuz erantzun izan dute beti. Apurka-apurka, emaitza ederrak lortu ditugu.
Halan da be, oraindino badaukagu nondik ibili. Ez dezagun ahaztu, gaur-gaurkoz, Txorierrin bertan ere euskararen kontrako jarrera diskriminatzaileak sufritzen ditugula. Kasurako, euskara klaseak jasotzeko gela bat lortzea oraindik ere oso zaila egiten zaie AEK-ko kideei zenbait herritan. Bestalde, gaur egun ere, batzuek “poker aurpegia” jartzen dute euskaraz egiten badiegu.
Euskararen ofizialtasuna kontuan hartuta egoerarik “onena” ei daukagunok horrela bagaude, atera kontuak zelan dauden euskara ofiziala ez den eremuetan! Baina bitartean, badago jendea ideia berri eraikitzaileekin. Euskaltzale askoren esfortzuz, esate baterako, Errigora ekimena jarri zen martxan Nafarroako Erribera aldean eta, horri esker, instituzioek egiten ez dutena herritarrek lortu dute; hau da, euskararen eta herritarren aldeko benetako bultzada.
Beraz, halako egoeretan erantzun bateratu sendoak emateko, euskararen aldeko instituzioen eta herritarren artean lotura bat egon behar da aurrera bidea topatzeko eta konponbide bateratuak lortzeko.