IRITZIA

Begire dau Aralarko dama

Erabiltzailearen aurpegia Einer Larrabeiti 2024ko aza. 6a, 14:31

42 urte inguru joan dira ikus-entzu- nezko euskal hedabideak martxan jarri zirenetik, eta, halan, telebista edo irratia izetutea pozgarriagoa izaten hasi zanetik. Gaur, ostera, zetak musika-taldearen azken diskako kanta bat entzuten nagoela, “ahaztuko badira kantuak, arbasoen kontakizunak…” abesti zatiak zeozer ezbardine eragin daust. Hain zuzen be, aspaldion euskal telebista- eta irrati-saio batzuk ikusikeran eta entzukeran eragindako bardina: Hizkuntzaz ganera, ze mezu eta ze modu gabiz transmititzen komunikabideatatik?

Izen be, gero eta ohikoagoa da saio batzuetan erreakzino histrioniko eta egozentrikoak saritutea, sare-sozialetan lez berba egiteko modu ez naturalak erabiltea, emozinoaren bidez saldutea, “umorea egiteko” txutxu-mutxurako eta kexarako joera normalizatzea eta norbere eta ingurukoen pribatasuna ez zaindutea, arreta gehiago lortuteko.

Alabaina, zer da kazetari, aurkezle edo partehartzaile bat halan jokatuta barrutik sentitzen dabilena? Gai da sinpleago eta umiltasunez berba egiteko, ala bere tonu eta keinu guztiak neurtu behar ditu norbere itxurari albisteari baino garrantzia handiagoa emonda? Badaki, antzeztuten badabil be, ikus-entzuleen inkontzientean erreferenteak sortzen eta sartzen dabilela?

Era berean, geure susterrak eta balioak zainduten gabiz ala ikuskizun turistiko moduan erabilten mamia kendu eta kanpokoa salduta? Ez da ba agerikoa, kanal espainolen eta amerikarren imitazioak eskeintzen gabizela eta horrek entzule-kopurua igoten dauala? Non geratuten dabil gure arima, “gure kantuak, arbasoak eta kontakizunak”?

Bere aldetik, Mari begire dau.  Gure jagole basatia Anbototik, Aralartik eta Euskal Herriko hainbat zirrikitutatik dabil gizarte-egoera honen kausa-ondorioak behatuten. Eta irribarre lasai eta xamur bat dauka dama xuriak aurpegien. Antza, ulertu dau alderdi batzuei dagokienez, gu be gizarte nerabetxua garela: erreferente ezberdinak topatzen,  frogatuten eta imitetan dabilena, emozinoak kudeatuten hasibarria, modakoa jarraituten norbere esentziatik aukeratu eta gozatu beharrean... Baina Marik ez dauka zalantzarik, hori guzti hori amaitzear dagoan fase bat baino ez dala. Badatozela aldi garatuagoaren soinuek, “adarraren deia ta lamien kantuak…”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).