Hitzak ez dira neutroak; hitz bat aipatze hutsak atoan dakar gure imajinariora irudiren bat. Ziurrenik, langile hitza eta langile borroka aipatzean gehienoi burura datozkigu ondoko ezaugarriak: gizona, zuria, industrian lan egiten duena, Euskaldunako borroka, La Navaleko gatazka… Hiztegiak ere mugatzen du langile hitza: “Lanbide jakin batean sari-truke aritzen dena; batez ere, industrian lan egiten duena”. Eta sindikatuok ere balekotzat eman izan dugu adiera hori.
Krisi ekonomikoak agerian utzi du definizio horrek ez digula balio. Tentaldia egon daiteke zera pentsatzeko: borrokatu beharko ginatekeela krisi ekonomikoaren aitzakiarekin lapurtutako eskubideak eta lan baldintzak berreskuratzeko; baina guk, erantzukizunez jokatzeko hautua egin dugu. Ez gara konformatuko lehen geneukana berreskuratzearekin eta, joko arauak hautsi dituzten honetan, prekarietateari aurre egiteko joko zelai berri bat eraikitzeko apustua egin dugu.
Egun, enplegua izateak bizitzeko adina edukitzea ziurtatzen ez duen honetan, bizitza bera da erdigunera ekarri beharrekoa. Gatazka ez da enplegua vs. kapitala, baizik eta bizitza vs. kapitala. Hori dela-eta, orain arteko eskemak deseraiki eta berriak eraikitzera goaz. Langileok, langile guztiok, ondo bizitzeko eskubidea dugulako, horren alde borrokatzera goaz; erdigunea zer den eta zer ez den gure erabakia izan dadin, ez beste inorena.
LAB sindikatuak langile guztion zerbitzura jarri nahi ditu orain arte metatutako esperientzia, aitortza eta posizioa. Bazterrean utzi gaituztenok erdigunera gatoz. Langile hitza hizki larriz idatziz eta izenari izan berria emanez, pertsonen zaintza lanean dabiltzan emakumeak, langabetuak, aldi baterako eta lanaldi partzialean dabiltzanak, norbere etxeko lanean diharduten emakumeak, azpikontratatutako langileak, besteen erdia kobratuz lanaldi berdina egiten duten gazteak... langileok erdigunea okupatu, eta berrasma dezagun guztion neurrirako langile borroka! “Lan duina, bizi duina”. Urriaren 16tik abenduaren 6ra.