Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte behar dugu zaindu gaitzaten. Areago, bizitzako une batzuetan zainduko ez bagintuzte, bizi ere, ezin izango gintezke bizi. Batzuek oso ondo ulertu zuten hori eta negozioa egin dute: gure bizitzen kontura aberastu dira.
Eiderrekin eta Lucianarekin hitz egin dut: ezin dute gehiago. Emakumeok doan egiten ditugu zaintza lan gehienak. Hori gutxi balitz, zaintza lanetan dabiltzan langileak baldintza ez duinetan lan egitera behartu ditugu, inongo aitortza sozialik eta ekonomikorik gabe. Hori bai, dena exijitu diegu, guk maite ditugunak zaintzen dituztelako. Pandemia garaian esan diegu: utz ezazue bidean zuen osasuna, baina salba itzazue maite ditugunak. Urtebete pasata, inolako errekonozimendurik gabe jarraitzen dute. Eta hori gertatzen da non eta kotxeko pieza bat egitea adin nagusiko pertsona bat artatzea baino hiru aldiz gehiago ordaintzen den mundu honetan.
Izan ere, garai berriotan, gatazka zaharrek aurpegi gordinena erakutsi digute: ustelena. Eta horiek gure zaurgarritasunarekin urteetan egindako negozioa jasanezin bilakatu da. Baina ez al gara guztiok joko horren konplize bihurtu? Ez al da guztion kaltea eta arazoa?
Horrexegatik behar dugu Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Integral eta Komunitarioa. Zaintza lan guztiei dagokien aitortza emango diena, lan baldintza duinetan. Pertsona orok eskubidea baitauka era egokian zain dezaten; eskubide hori bermatu behar du sistema publikoak. Ezin dugu onartu zaintza lanekin negozioa egiten jarraitzea. Horregatik, urtarrilaren 26an bezala, langileak martxoaren 4an grebara joango dira. Zer egingo dugu guk?
Nabarmena da gerra garaiak bizi ditugula. Dena dago zalantzan. Handik eta hemendik, hainbat gatazka eta arazo. Baina gerra bakarra da: gu guztion bizitza erdigunean jarriko dugun ala ez. Sistema “birdoitze” osoa egiten ari da eta jokoan dago noren bizkar egingo den. Gure bizitza gudu-zelai bilakatu da. Urte honetan bizitzaren zaurgarritasunaz eta berorren sostenguaren garrantziaz jabetu bagara, defenda ditzagun elkarrekin.