Azken urteetan bizi izandakoak gure barrualdeak astindu ditu. Kanpoan, berriz, lehengo lepotik burua, norabide berean jarraitzen du munduak, beldurra ematerainoko norabidean. Baina oraingoan, begira geratzearen faktura garestiegia da. Eta ikusitakoak, sentitutakoak eta bizi izandakoak ekintzetara garamatzate ezinbestean.
Gutxi batzuen aberastasun gosea erdigunean jartzen duen sistema krudel honi STOP esateko unea iritsi zaigu, premiazkoa zaigulako. Herritarron, langileon, gu guztion bizitza erdigunean jarriko duen eredu baterako oinarriak ereiteko lurzorua prest daukagu. Bada garaia. Langileok okupatu behar dugu erdigunea, geure egin behar dugu, bizitzak gainezka egin ez diezagun.
Nola? Oinarrizkoa denetik abiatuz, gure bizi-premiei arreta jarriz: zaintza lana banatu, enplegua banatu eta ondasuna banatu.
Zaintza lanek duten benetako balioa aitortu eta era parekidean banatu. Enplegua herritar guztiei bermatu, gehienez 30 orduko lanaldia eta 1.400 euroko gutxieneko soldata legez ezarri (enpleguaren ordainetan ez ezik zaintzaren ordainetan ere bai). Eta azkenik, ondasuna banatu: kapitalaren errentei zerga errekargua handituz, herritar guztiei osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza eskubidea bermatzeko zerbitzu publikoen garapenera bideratu. Banaketa hirukoitza.
Hori guztia posible delako. Eta bizi dugunak urgentziak mahai gainean jarri dizkigulako. Eta batez ere, gure beharrekin eta bizitzekin negozioa egiten jarrai ez dezaten. Zaintza eskubide gisa aitortu eta bizitza sostengatzeko lan guztiak berandu baino lehen publifikatu behar dira: adin nagusikoen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzuak, etxeko langileen enplegua… Nahitaezkoa eta egingarria delako. Gaur egun ditugun egitura, instituzio eta eskumenetatik egitea dagoelako. Kalitatezko zaintza sistema publiko komunitarioa behar dugulako.
EGIN DEZAGUN hori guztia POSIBLE euskaradun lurraldean. Euskal langile herria bagarelako nor, horretan gabiltzalako eta, batez ere, aurrera eramatea posible dugulako. Zaintza lana, enplegua eta ondasuna banatu.