Kuriositatez, EUSTATen begiratu dut ea zeozer zegoen gai honi buruz. Titular bat topatu dut, 2020ko martxokoa hain zuzen: “Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak konektatuta daude: etxeen % 91,0k Internet dute”. Ondo, hamar ikasletik bati ez zaizkio etxekolanak iristen. Eta jarraian: herritarren % 80,2k Internet erabiltzen du eta % 78,3k ordenagailua dauka. Aiba! Ez dira hamarretik bat, hamarretik bi baizik. Hobe irakurtzen jarraitzen ez badut, baina ezin dut gaia burutik kendu: itxialdia, IKTak, eskolako material falta, familien egoera bereziak, gaixo dauden senideak… Eta non dago eskoletan landu behar dugun funtzio konpentsatzailea? Horixe bera helburu garrantzitsuenetako bat da eta.
Beste esparru eta enpresa batzuetan gertatu den bezala, ordu eta egun gutxian sistema berri bat sortzeko gai izan gara irakasleok. Horrexegatik ziur nago hurrengo ikasturtean ikasleen arteko ezberdintasunak leuntzeko ere gai izango garela, orduan bai, pantailarik gabe, aurrez aurre konektatuko garelako.