Olatua eta Harria, Igor Elordui

Erabiltzailearen aurpegia Guresku 2017ko mar. 17a, 12:51

Etzi, domeka, martxoak 19, egun historikoa izango da. Gure Esku Dago ekimenaren lehen olatu erraldoiak Euskal Herriko hainbat herritako kale, parke eta plazak blaituko ditu herrigintzaz, jaiaz, parte hartzeaz eta demokraziaz. Gogoz, ilusioz eta poztasunez blaituko ditu, bai horixe!

Duela lau urte, Durangotik Iruñera egin zen giza kateak lehenengo haizeak sortu zituen euskal herritarron gurariak osatzen duen ur gaziko eremu zabalean. Itsaso hartako aurreneko uhinak euskal lurretara ekartzeko nahiko indarrez jo zuen orduko haizeak. Bizkaira, lehenbizi, Arrankudiagara; eta, olatu kolpe berean, Etxarri-Aranatzera. Atzera egin zuen gero; kresal bako erresaka unea tarte batez. Baina erresakaren atzetik olatu handiagoa etorri zen, eta busti ziren Araban Aramaio, Gipuzkoan Azpeitia, Goierri eta Debagoiena; eta Ispaster, Bizkaian. Bizkaiko golkotik sartu zen azken olatuak, lehenengoak bezala, Bizkaia eta Nafarroa gazitu zituen: Dima eta Bakaiku.

Eta, orain, erabakitzeko eskubidearen aldeko haizeak olatu erraldoia dakarkigu. Etzi, 150.000 herritar gaude parte hartzera deituta Gipuzkoako 34 herritan (Astigarragan eta Hernanin, Oiartzualdean eta Tolosaldean) eta Bizkaiko herri txiki baina, zinez, bizi eta grinatsu batean (eta barkatu harrokeria, gezurra ez denez gero): Larrabetzun. Hain zuzen ere, duela 80 urte, 1937an, faxistek Bizkaia mendean hartzen hasi ziren hilabetean —martxoan— eta Burdin Hesia suntsitu zuten lekuan. Komeni da gogoratzea, zeren eta faxistek Bizkaia hartzearekin batera zapuztu zen hilabete batzuk lehenago onartu eta autonomiatik burujabetasunerako jauzia egitea esan nahi zuen 36ko estatutua (Euzkadi’ren Berjabetasun-Araudia).

Aurreko igandean, larrabetzuarrek 500 kilo baino gehiagoko harria eraman zuten, elkarlanean eta euren beso eta hanken indarrez, Eleixaldeko probalekutik Uriko plazaraino. Kilometro eta erdiko ibilbidean, euripean, mela-mela egin ziren, eta ez da, horretaz ari garela, metafora bat. Harria plazan egon da aste osoan, eta hala segituko du etziko galdeketaren egun historikoa amaitu artean, gertatuko denaren lekuko. Ekintza sinbolikoa izan zen, jakina, baina inori bururatzen bazaio galdetzea zertarako eta zergatik, erantzuna oso sinplea da: nahi dugula eta ahal dugula erakusteko. Elkarrekin eta elkarlanean edozer egin ahal dugulako. Egite hutsa ere, askotan irabaztea delako, edo, gutxienik, irabazten hasteko modua. Eta, askotan, urrun dagoela pentsatzen dugun hori pentsatzen dugun baino hurrago dagoelako. Galdeketak egiteko arrazoi berberak, azken batean.

Etzi, bada, Bizkaiko herri txiki baina esanguratsu batean, historia egitera goaz. Larrabetzuko herritarrok, jai giroan, euskal estatu burujabe bateko herritar izan gura dugun ala ez ebatziko dugu, eta seguru hango zipriztinek hurrengo olatu kolpean, eta hurrengoan eta hurrengoan, harri eta herri gehiago, eta handiagoak, mugiarazteko balioko dutela.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).