Eta urteak geroago horrekin akordatu naiz ‒sarri akordatzen naiz, egia esan, amarekin ere sarri akordatzen naizenez gero‒. Mezu bat jaso dut mugikorrean, katalanez: “IGOR, una persona que ha donat positiu de la COVID-19 t’ha declarat com a contacte estret. Per tal de tallar la cadena de transmissió i garantir la teva salut, accedeix amb el PIN Q.... a l’enllaç: https://covid19contactes.catsalut”. Inkesta bat bete dut. Bertan, izen-abizenak eta bestelako datuak eskatzeaz gain, lanean baja hartu behar dudan ala ez, eta arreta psikologikoa behar dudan ala ez galdetzen zidaten, besteak beste. Hurrengo egunean Bartzelonatik deitu didate. Katalanez egin didate berba: galdetu didate ea sintomarik daukadan, ea Katalunian egin gura dudan PCR testa, ea segimendua egiterik gura dudan... Ezetz esan diet, sintomarik ez dudala eta, edozelan, Euskal Herrian egingo ditudala egin beharrekoak, berton bizi naizelako. Eta moltes gràcies.
Osakidetzaren arretarako telefono zenbakira deitzen aritu naiz. Honezkero, gehienok jakingo duzue zelan funtzionatzen duen: grabatutako ahots batek, euskaraz eta gaztelaniaz, zera adierazteko eskatzen dizu: batetik, zertarako deitzen duzun; eta, bestetik, euskaraz ala gaztelaniaz artatua izatea gura duzun. Zenbat bider deitu behar izan dudan? Ba, hogeita hamahiru bider! Ez da esajerazioa, gero! Datu zehatza da. Eta hogeita hamabi bider entzun behar izan dut hauxe: “Todos nuestros agentes estan ocupados, llame más tarde”.