Prozedurari dagokionez, behingoz, hezkuntza komunitatea kontuan hartzen duen eraketa kooperatibo bat proposatu da, zentroen eta batez ere erkidegoen eskumenak nabarmen handituko direlarik. Baina askatasuna maitale arriskutsuegia dela kantatzen zuen Garik, motibazioa pedagogikoa izanik ere, komunitate askotan altuegia baita ordaindu daitekeen prezioa. Orain egiteko bakarra da Jaurlaritzari eskatzea, ozenki eta aho batez, teilatuan utzi dioten pilota ondo kudeatu dezala.
Formari heltzeko, Alejandriako Hypatiak esandakoa: “Defenda ezazu zure pentsatzeko eskubidea, gaizki pentsatzea ez pentsatzea baino hobea da eta”. Norberak bere etxea eraikitzeko oinarrizko nozioak ematea da filosofiaren helburua hezkuntzan, ez aurrefabrikatutako etxeak. Dogmez ari naiz azken finean, zalantzan jartzea debekatuta dagoen oinarrizko ideiez. Edozein ideologiari baino beldur handiagoa izan beharko geniokeen mamuaz. Gure buruari kontrakoa sinestarazten diogunean ere, dogma haietan hezteko ikaragarrizko joera dugu eta. “Aztertu” ez da “onartu”, “ulertu” ez da “hausnartu”… Eta ez da kontu gramatikala. Gaiak berdin du; disidentzia eta elkarrizketa bermatzen ez duen gizarte batek izan ahal den gaixotasunik larriena du: arrazoi osoaren ustea.
Baina non dago onartu daitezkeen ideia edo ekintzen muga? Handinahikerietan jausi gabe, zer da ondo pentsatzea? Errespetuaren mugak zeharkatzen ez duen elkarrizketa argudiatua da gakoa, hari fina dela jakinik, baina funanbulismo ariketa beharrezko batean. Esandakoak besteengan izango duen eragina kontuan hartzea funtsezkoa da, baina esateari utzi gabe. Arrazoiketa eta koherentzia moduko balioak ere beharrezkoak dira, elkar ulertzeko aukera eta jarreren zintzotasuna bermatzen duten heinean. Balio instrumental horiek, eta besteen ideiekin elkarrizketan, balio propioak zein komunak eraikitzea ahalbidetuko digute. Ez gaude soilik filosofia aldarrikatzen, filosofia ulertzeko modu bat da gurea. Lagun on bati irakurria: bidea da borroka bakarra.