“Inter” ezak/n

Erabiltzailearen aurpegia t: Imanol Alvarez, Filosofia irakaslea 2022ko eka. 22a, 11:54

Jakin-minetik sortu zen filosofia. Arbola orok hazia du jatorrian, eta mundu ulergaitz hartan harridurak ureztatu zituen erantzun mitologikoen ordez sortutako lehen arrazoiketak ere bai. Jakin-nahi hori ez da desagertu, ordea: miraria balitz moduan haurtzaroan agertzen da, Grezian gertatutakoa errepikatuz, eta gizartea den ehunzango handiaren hankak mugiarazten ditu oraindik, bigarren horren kutsu praktikoagoak lehenaren erromantizismoa ez badu ere.

Marxek, bestalde, esan zuen filosofoak mendeetan mundua deskribatzeaz arduratu zirela eta mundua eraldatzeko garaia zela. Errealitatea nolakoa den ulertzea funtsezkoa delako; mundu justuagoa imajinatzeko gaitasuna bezain funtsezkoa.

Lanean hartutako kafetik dator gogoeta. Gustatu ala ez, denborak aurrera egin ahala ulertu dut bizitza etengabeko negoziaketa dela: nork bere buruarekin zein lankide, bikotekide, lagun eta herrikideekin. Eremu pertsonalean burugogorkeriak edo itsutasunak nahasten gaitu, baina eremu sozialean interesak agertzen dira sarriago. Beraz, elkarrizketa da gure patua, eta argudiaketa hari aurre egiteko modua. Baina elkarrizketa idealaren ezaugarriak izendatu zituenean Habermasek esan moduan, zintzotasuna da pastelaren legamia. Eztabaida honen ingurukoa zen: batzuen ustez, auzi batean nork bere interesak defendatzea zilegia zela, nahiz eta bidezkoena ez zela jakin. Nik ikasle batek esandakoa mahaigaineratu nuen: “Aitaren esanetan, gizon feminista inozoa da, bere interesen kontra egiten baitu”. Esaldi horretan mamitsua da interes hitza, tamalez, materialismotik zein indibidualismotik kanpo nekez ulertzen duguna. Baina muturreko adibide horretan berdintasuna onura kolektibo moduan erraz ulertu arren, askotan dezente gehiago kostatzen zaigu balioei ematea jarreren irizpide-paperean beharko luketen lekua. Sokratesek zioen inor ez zela gaiztoa, ezjakina baizik. Agian, zerikusia du darabilgun interes-kontzeptuaren estutasunarekin.      

Ez dut sinplekerietan sartu nahi, halere: kooperazio-konpetentzian bizi gara eta ez da erraza justiziaz jokatzea, ordainetan berdina nekez jasotzen badugu. Baina jarrera guztiak kutsakorrak dira maila berean eta, beharbada, konturatu ahal gara norberarena eta besteena lotuta daudela. Nik, behintzat, hazia bota nahi nuen.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).