Eleizalde herriko erdigunea zan, bertan izan baitziran eleizea, agian XVI. edo XVII. mendekoa, XII.eko beste eleiza baten ganean eregita, bere hilerriagaz; udaletxea bere kalabozoagaz (“la perrera”); neska eta mutikoen eskolea; herriko tabernea; abadetxea; Tapia sendiaren txalet dotorea; goardia zibilaren koartela; eta San Juan erromeria famatua ospatzen zan zuhaitz hostotsuez inguraturiko landa eder bat. Horren lekuko dira Museo Etnografikoan jagoten diran XII. mendeko eleizaren kapitel bat eta XVI.ekoaren ate nagusia, eta Sondikako oraingo eleizan dagozan Asua eta Susunaga (?) jauntxoen apartako armarri bi.
Aireportuko lehenengo obrek 50 etxe eta baserri baino gehiago apurtu ebezan, tartean, Uribe auzoa, Uribe Merindadeko merioa bizi izan zan Uribe baserria barru. Aitatzekoa da Uribe Merindadea Bizkaiko handiena izan zala, XIX. mendean 37 eleizatez osaturik, Bakiotik Arrankudiagaraino eta Barakaldotik Meñakaraino zabaltzen zalako. Akaso auzoaren izenetik etorkion Uribe merindadeari bere izena, baita gaurko Uribe-Kosta lurraldeari be berea. Halaber, Santimamilarran Bilboko EGIk 5600 ikuslentzat egindako Kirolokieta futbol-zelaia desagerrarazo eben.
Latxarrizeko Jose Bruno Ganak, Sondikako auzotarrak, gutun hunkigarri batez adierazo ebanaren arabera, aireportuko lan guztiek 90 etxe eta baserri baino gehiago hautsi ebezan, baita zereal, lekale, barazki eta mahats tonaz gizarteari hornitzen eutsoezan ortu emankor ugari be.
Lehen izentau ondorioz, ganera, beste larri batzuk be egon ziran, adibidez: etxekaleratzeek sortutako sufrimendua eta urigintzakoki herriak iparra galdu baleu bezala gelditu izana, bere erdigunea, mamia zana, desagerturik; zatituta eta auzo sakabanaturiko herri bihurtuta. Baina horrezaz guztiaz derrigorrezko isiltasuna izan zan nagusi.
Galdutako ondasunak ezin doguz berreskuratu; oroimena, aldiz, bai.