Eta apurka-apurka gaurko gizartera heldu gara, non sare sozialetan ez bazaude ez baitzara inor. Eta hain indartsua den ideia hori gure seme-alabei heldu zaie. Hamabi urte dituztenerako beharrezkoa ikusten dute mugikorra erostea bere hurkoekin harremanak izan ditzaten (gu umeak ginenean harremanak izan ez bagenitu bezala). Eta guk, inozook, erosi egiten diegu kontrolatuago izango ditugulakoan. Lehengo egunean aditu bati entzun nion ume bati mugikor bat ematea tximino bati arma bat ematea bezalakoa zela, idatzitakoari eta batez ere zintzilikatutako argazkiei behar bezalako garrantzia ematen ez dietelako.
Sare sozialek dituzten abantailak (informazioa eskuratu ahal izatea, komunikatu ahal izana) arrisku dira era berean, jasotako informazioa fake news izan daitekeelako eta komunikatzeko erabiltzen diren bideak (Whatsapp taldeak, Instagram…) mintzeko erabil daitezkeelako. Baina ez bakarrik hori: aurrean duten pertsonak ezagutu barik harremanak izatera ohitu egiten dira; sare sozialetan agertzen diren profilak gezurrezkoak edo gutxien jota idealizatuak dira (ez gara gu, gure ikuspegi perfektua baino); aurpegia eman gabe iraintzeko ahalmena ematen dute; eta bizilekuz aldatu izan arren, ez zaude irainetatik salbu.
Gainera, LSDarekin 60ko hamarkadan gertatu zen bezala, ez dakigu zein diren teknologia berriek sor ditzaketen ondorioak, bai garunean, bai maila emozionalean. Gaixotasun berri batzuk ezagutzen ari dira arazo honi lotuta: nomofobia (norberaren mugikorretik beti gertu egon behar izatea), onlineko jokoekiko adikzioa...
Nik lan egiten dudan ikastetxean, azken hamar urteetan ikasleen harremanei dagokienez izan ditugun arazo handienak sare sozialak tartean daudela izan dira: ciberbulling-a, argazki desegokiak zintzilikatu eta partekatu...
Arazo larria aurrean daukaguna. DENOK.