Dakigunez, zentral eoliko edo fotovoltaikoaz aparte, energia nuklearra dago. Ezagutzen dugu fisiozko zentral nuklearrei buruz dagoen eztabaida. Neure ustez, energia garbiak indartu beharko lirateke eta horien artean gaur egun daukagun energia nuklearra ere bai, behintzat fusio nuklearrezko energia lortu arte eta erabat ezabatu erregai fosilekin lortutako energia. Ildo horretan, iazko abenduaren 13an, Kaliforniako Lawrence Livermore laborategiak, lehenengo aldiz, fusio nuklearretik sortutako energia erabilitakoa baino handiagoa izatea lortu zuen, 1.7 bider handiagoa, benetan gertaera garrantzitsua. Azken finean, fusio nuklearra izarren barnealdean gertatzen den prozesu fisiko bat da, hidrogenozko bi atomo fusionatzen direnean. Horretarako, tenperatura oso altuak behar dira, atomo horien indar elektrostatikoak gainditzeko eta helio atomo bat sortzeko, energia kantitate handia sortuz. Hau da, eguzkiaren energia gure eskuetan izatea bezalakoa. Pentsatu behar dugu, hidrogenoa unibertsoan dagoen elementurik ugariena dela, itsasotik elektrolisiaren bidez modu errazean lortu daitekeena. Aurkikuntza hau, nahiz eta lehenengo urrats bat izan, behar bada garrantzitsuenetarikoa bihurtuko da amaigabeko eta hondakin gabeko energia sor dezakeelako gizadiarentzat etorkizunean. Espero da 50-60ko hamarkadarako fusio nuklearreko erreaktoreak martxan jarriko direla, ordurako beste arazo teknikoen artean tenperatura altu horiek jasango dituzten materialak lortuta egongo direlako eta horrek erabat aldatuko duelako munduaren bilakaera ekonomikoa eta soziala.
Laburbilduz, behar beharrezkoa da, munduko herrialdeek benetako apustua egitea zentral elektriko garbien garapenean, ikerketa zientifikoa eta teknikoa indartuz.