Lurraren historian zehar milaka meteoritok hartu dute lur. Ezagunena da dinosauroak (eta beste espezie asko ere) desagerrarazi zituena orain dela 66 milioi urte, Mexikoko Yucatan penin- tsulan jausi zenean. Mexikoko asteroidearen aldean (10 km), 2024 YR4 asteroidea (50-90 metro ingurukoa) txikia da, baina handia da, 2013ko otsailean Errusiako Cheliabinsk herrian jausi zen meteoroarekin alderatzen badugu.
Astronomoen lehen kalkuluen arabera, asteroideak 2032an Lurraren kontra talka egiteko aukera zegoen, baina azken hilabete hauetan probabilitatea aldatuz joan da, eta otsailaren erdialdean % 3koa zen. Gaur egun, aldiz, badakigu probabilitatea zero dela. Hala ere, esan beharra dago Ilargiaren kontra talka egiteko aukera handitu egin dela. Asteroide honekin behintzat lasai egon gaitezke, ez baitu Lurra joko; baina Lurraren kontra talka egiteko aukera askoz handiagoa balitz, demagun % 90ekoa, talka ekiditeko aukerarik izango genuke? Erantzuna baiezkoa da eta NASAko DART misioak eman zigun 2022an, Dimorphos asteroidearen kontra talka egin eta bere norabidea eta abiadura aldatu ondoren. Beraz, gizakia teknologikoki prest dago horrelako gertakizun baten aurrean erantzuna emateko.
DART misioaren aurrekontua 300 milioi eurokoa izan zen. Dirutza dirudi, baina hasierako lerroetan aipatutako filmaren aurrekontuarekin alderatuta, merkea dela esan genezake, garaiko 200 milioi euro izan zirelako. Eta askoz merkeagoa da futbol-talde indartsuen urteko aurrekontuarekin konparatzen badugu! Hortaz, ondo baderitzogu filmak ikusteari edo futbol-partidak ikustera joateari, egokitzat jo beharko genuke misio espazialetan gobernuen laguntza eskatzea. Pentsa dezagun zientzian eta teknologian gastatzen den euro bakoitza gizartera gutxienez bikoiztuta bueltatzen dela. Lurra deseusteko arriskua zerutik etor daiteke, eta horregatik teknologikoki prest egon behar gara, guk geuk Lurra lehenago suntsitu ez badugu, behintzat.