Euskara ere halaxe etorri da urte luzeetan, gibelerantz. Gero, legeari eta askoren ahaleginari esker, aurrerantz.
XXI. mende honetan, uste izan genezake euskara eta erdara guda-fronte egonkorrean ari direla borrokan, Elgetako frontean legez-edo. Baina elebitasun orekatuak nekez dirau aldatu barik, hizkuntzen artean, bata edo bestea nagusitzen da-eta.
Zeren zain herria euskal bihurtzeko? 1971n egon bagina Pardoko Miru Zaharra -Mikel Zaratek hala deitua- hil arte itxaroten, ez genuen argitaratuko EUSKALDUNTZEN metodorik, ez ALFABETATZENik.
Gaur, 2017an, erdaldunak dira arazo ala euskaldunok akaso? Erdaldunak hor izango ditugu beti, Sunbillan ez baditugu, Castillan. Edonola ere, guk geurea ganoraz jagoten dugu? Unibertsitateetako irakasleen euskara duina da? Euskal lerroetako neska-mutilek euskaraz dihardute? Udal abertzaleetako plenoak euskaraz dira?
Ekainaren 3an Mintza Eguna ospatu zen Derion, Berbalagun eguna. Milaka dira lagun euskaldunekin bizi gura duten erdaldunak. Guk norbanakook -agintariei dagokiena lagata- erdaratik euskararako igarobidea erraztu behar diegu euskaldun berriei, agian, betiko argumentu esentzialistez baino adiskide, lankide, koadrillakide, berbalagun izanik.
Azken baten, euskararen gaurko estatusean eroso biziz, harako Mikel Zaratek idatzia gerta ez dakigun: Kontrabidean doan mercedez ederreko bikote lirainak itauntzen dio Juantxu Izkirimiriri bide gurutzean:
“-Ondo goaz hemendik Bartzelonarantz?
-Ondo... bai. Bartzelonarantz... ez!”