Zer dago gure esku?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea, irakaslea 2018ko urt. 11a, 12:39

a: wikipedia

Urte amaieran Londresera bazoaz, ira­kurle, bisitatu egizu Oxford Street oinez dendarik denda joanda. Primark saltokia aurkituko dozu han, erosle gaztez beterik, eta jakingo dozu datorren ur­tean Primark hori Bilboko Plaza Biribilera be etorriko dala, BBVA etxe-orratzera. Zer egingo jako? Ez dago zure esku marka hori Euskal Herrira etortzea edo ez.

Telebista bizten badozu, munduko biz­tanleak turisten eta migratzaileen artean banatuta topatuko dituzu: turistak kostaz-kosta, eta migratzaileak ozta-ozta, ze, azkenok, gurago dabe gosez hiltzea baino urez itotzea. Ez dago nire esku hori konpontzea, dinozu.

Klima aldaketa, bestalde, badator, ze Olentzero ikusi dozu aurpegi baltz, erretako basoak zeharkatzean aurpegia balztuta; sorbaldan zorrorik barik, ikatzak CO2 asko gehitzen daualako. Nire esku dago basoak ez erretzea?– erantzungo dozu.

Orduan, irakurle, ezer ez dago zure esku? Ziur baietz! Dana ez dozu inorengan, besterengan lagako, delegatuko. Zer gara, ba?

Gure esku ez dago mundua aldatzea, baina bai: Mari Domingi –horren abestiko berbak Azkuek jaso zituan– Olentzeroren kide dala agertzea; Gure Señeak lako taldeetan parte hartzea; euskarako alkarteetan, Berbalagunen jardutea; herrietako ko­ruetan parteide izatea; baita Gure Esku Dago mugimentuan baikortasuna sortzea be. Ba­ditugu buru-bihotzak kooperatiba bat sortzeko nahiz gaixoak laguntzeko. Bela­rriak be badaukaguz belarriprest jokatzeko, eta ez Belarrira kux-kux, guzurrak di­nozuz kritika mingarriak sortzen ibiltzeko.

Badakigu balioak –”baloreak”– eta er­lijinoak transmititzea gatxa dana. Itauna da, ea alternatiba asmatzea errezagoa ete dan.

 

Urte zaharra badoa

eta bagaramatza;

Gabon zaharretan

bertoko mahatsa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).