Abiadurak, baina, ez digu ematen astirik gezurra eta egia bereizteko. Izan ere, notizia-gosea kontsumismoaren produktuetariko bat denez, albisteen zaparrada pean eta aterkirik barik bizi gara. Ondorioz, zelan jakin zein albiste den ekologikoa edo zein kutsatua?
Behar bada, slow journalism, kazetaritza geldoa landu beharko genuke, ikertzeaz batera geure gaiak produzitzeko, mundura zabaltzeko; albisteen iturria gu geu izateko; egiak gezurretatik banatu ahal izateko, beti ere, ondo jakinik -noiz ulertuko ote dugu gai hau?- euskarak dituela egiten berriak euskal, eta erdarak erdal.
Euskaldun askok telebistako informatiboak Madrileko kateetatik jarraitzen ditu, ze autobidez Madrilera 400 kilometro dauden arren, EITBren kateetatik TELE5era joateko tele-manduko botoi bakarra sakatzea nahiko da.
Bada gure artean esaten duenik TELE5 horrek Euskadiko berriak ere eskaintzen dituela. Bai, hala da. Baina tentuz eta kontuz jokatu beharko da, egia eta gezurra elkarren ondoan baitira ia. TELE5ek-eta egiten dutena da, Komunitate Autonomo bakoitzetik albisteren bat hartu -eta gu 17 autonomietatik bi baino ez gara-, ostean, albiste bakan hori erabiltzeko Iberiako zezenaren larrua josteko. Adibiderako, “Guggenheim turistaz beterik” albistea joskilearen puntada da egunero zezenaren larrua josten aritzeko, autonomiek elkarren arteko loturari eusteko.
Euskaldunok postETA-garai honetan ikasi beharko genuke eraikitzen, orain arte legez josi ahala sarea urratu ez dezagun.