Bilboko etxe-bloke artean aurkitu dot 94 urteko gizona, berbaldun. “Nik bakarrean bertso asko egiten joat, milak. Goizetan danek entzuteko moduan. Sarri auzoko andreak balkoitik balkoira”: “Menudas canciones has echau hoy tambien”. “Ulertu ezer be etxok egiten, baina andra baliokoa dok”.
-Zergaitik dinotsak heure buruari baso-bertsolaria hazala, Pedro?
-Ba, Mikel Zarate hil zoanean, han Garaioltzan, monumentu lekuan, bota naioazan bertsoak neure erara, ze don Jose Manuel abadeak, Dimakoak, esan joan bera badala bertsolaria, baina sasi-bertsolaria. Eta nik esan neutsan: ni baso-bertsolaria nok.
-Orain 70 urte, Pedro, zein bertsolari zoan ezagun Txorierri inguruetan?
Geldoetako Bustamanteren bertsoak -izatez Bitoriano Bolunbururenak- Sebastian Aurrekoetxeak jakizak. Horrez gainera, Bilbao mekanikoa be bazoan bertsolari, Erandio Goikoan-edo bizi zoan; Jose Unbe ezaguna be bai; baita Fermin Usue be: bertsolari itzela. Puñaladatik gora joanda bizi zoan, ni baizen zaharragoa. Bertsolari soltua izateko, ona. Haregaz batera, gortan txahalei, atze biko matutoei bertsoak eginda gagozak biok. Gero, Lontzo be bai, Geldoetan egona, Santuanekoa. Honek be bertsoa zeozertara amaitzen joan. Gero, Luis Oliden, Lezaman, inoiz harek puntu bikoak egiten joazan. Gero, Juan Ormaetxe, Taket, bozik gozoenetarikoa. Sarritan egin joat hagaz bertsotan Bilboko udaletxe aurrean. Gero, badakik, Mikel Zarategaz, ha edozertarako zoan ona-eta. Garaioltzan behin hiru orduan ekin geuntsan bertsoak egiteari, isildu be egin barik. Nik, gero, kantau joazat bertsoak San Migeleko ermitan, Lezamako eleizan...Zaletasuna berezkoa euki joat bertsotarako. Orain bertsolari gazteak jauzak, Malen neskea be bai.
Hori esanik bere bertsoz beteriko hiru zinta eskuratu daustaz boltsatxuan. Ea ez diran beste 15 urte igaroten, Pedro, alkar ikusi barik!