Lotara joan den 2021eko urte hori zelakoa izan da zuretzat, zuentzat? Zeuk kontatzen ez baduzu, zure ondorengoek edo ingurukoek ez dute ezer jakingo; hemendik 30 urtera, ahaztu egin dira orduko xehetasun asko. Jo dezagun Covid-19ak larri, arnasestuka, etzan zaituela ospitalean; irudika dezagun basoan galdurik egon zarela helikopteroz topatu zaituzten arte, edo bat-batean maitemindu zarela Eguberrietan. Ez du merezi une horietako gertaerak, sentimenduak idaztea?
Behar bada, telebistaren aurrean jarririk, edo Instagrameko albisteetara makurturik, jende ospetsuaren -edo koipetsuaren- bizitzak ikustea gustatzen zaizu. Eta zeure biografia? Ez ote da interesgarriagoa zuk bizi duzuna? Ala zeureak bost axola dizu?
Zergatik bihurtu merkatuko nagusien, ugazaben, txotxongilo? Geure bizitzaren jabe beharko genuke izan. Horretarako, isiltasun apur bat lortzea komeni zaigu, geure burua entzuteko; subjektuak garela erakusteko, geure-geureak diren ideiak, asmoak, marrazkiak, oroitzapenak, esaldi politak, sekretuak egunkari ezkutuan gordetzeko.
Nik lehenengo egunkaria idatzi nuenean, pezetaz ordaintzen genuen kafea; gure gurasoek “mila erreal” nahiz “erreal bi” ordaintzen zuten dendan. Gaurko 10 euroren balioa 261,43 € zen 1966an, hots, 43.000 pezeta. Diru horrekin 1966an bigarren eskuko Seat 600a erosten zenuen.
Dena den, diruaren gaineko estatistikak-eta artxibatuta aurkituko dituzu, baina irakasleak zaplada emanik lurrera bota zintuela zortzi urterekin, ez da inon azalduko zeuk idazten ez baduzu.
Gaur egun, postmodernitate aroan, selfiak egiten ditugu, autofotoak, baina geure barrua ez dugu selfiatzen, azala, kanpoko itxura baino ez dugu salbatzen.