Seguru asko, berehala konturatuko zara zein ederra den baso hori; zein polito geratu den selfia; zein erraz kendu zaizun hiriko estresa. Ondo-ondotik pasatuko zaizkizu kirolari amorratuak ere, kronoa eskuan dela, bakoitza bere buruaz lehian, marka berria ezarri guran, gainerako mendizaleei agur egiteko asti barik.
Autoak ere topatuko dituzu bide-zidorren aldamenean; baita kontainer itxura duten sasiarteak, edo gurutzatzen dituzun txakur askeak ere. Sendikoen artean eztabaida ere sor dakizueke, batzuek uste duzuelako mendi-kirolaren garaiari dagokiola aipatu dugun giro hori, aisialdiaren zibilizazioari, indibidualismoaren izaerari. Beste batzuek, aldiz, gurago lukete mendia zerbait baino norbait izatea, ze mendiak izena du -Berreaga edo Gaztelumendi-; mendiak zauriak ditu, 1936ko gudatean eginak; oraindik sendatu gabeak. Hau da, mendi bakoitzak bere historia du. Ezagutzen ote dugu, irakurle?
Pinudian gero eta barrurago sartu zaretenean, isiltasuna nagusituko da, txorien kantak entzungo dituzue, eta itaunduko diozue elkarri: zein txorirena da txirri-txio hori? Baliteke zuetariko norbaitentzat ezaguna gertatzea. Zoritxarrez, askotan ezezagunak izango dira, asfaltoko erreinuan horietako hegaztirik gehienak ezin topatu dira-eta.
Kontua da, mendia bere hutsean betea dela. Bertan bizi da Mari Anbotoko, euskal mitologiako jainkosa nagusia, baita Basajauna ere; gainera, “Olentzero joan zaigu mendira lanera…” abesten dugu. Hortaz, mendia ez dago hutsik; eta ez da gizakiona bakarrik.
Aldapaz gora joanik, halako batean, gailurrera iritsiko zarete. Tontor askotan gurutzea aurkituko duzue. Esate baterako, Gorbeiako gurutze ezaguna, 17 metroko altuera duena, 1907an bertan ipinia. Gorbeia gainetik edo Bizkargitik begiratzean, panorama -berba grekoa, hots, euskarazkoa- ikusgarria ezagutuko duzue harainoko ibilaldia izerditan egin duzuenok. Han bai asaskatzen garela gorputzez eta espirituz. Johanes Bordazaharrek Baionako HERRIA euskal astekarian dakarrenez, “Mendian zaio bakardadea unibertsaltasunari lotzen”.
Azken batean, irakurle, mendia etekina ateratzeko lekua soilik ez denez, zergatik ez eskatu udalari hiru urrats ematea. Lehena, 0,50 euroko basoak erostea; bigarrena herri-baso izendatzea, eta hirugarrena gure ondareko gaztainondoak landatzea. Ekologiaren alde, eta erdi debalde.