Negar-anpuluak eta kandela-negarra. Loiuko “Négartiñe”

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea 2022ko mai. 18a, 14:08

 

Ardoa eskuan gaudela[1], Kepak dio: “Aspaldian ez joat entzun negar-anpulua berbea”. Besteok, “ene”! edo “aiko”! erantzun diogu. Negarra zer den denok dakigu, negarrez jaio ohi gara-eta. Anpulua zer den, ostera, etxean ere euskaraz berba egiten dugunok bakarrik erabiltzen dugu, ze  eskolan negar-malko  hitza nagusitu zaio negar-anpuluari.    

[1] Elipsia: Ardoa eskuan hartuta gaudela; Bilbora ezkero bezala, alegia, Bilbora helduez gero.

Negar hitza aspaldietakoa da, denboraz kanpokoa, toponimo izatera ere heldu dena. Iñaki Arbilduk diosku Loiutik Asuarantz goazela ezker-eskuin dauden etxe biri deritzotela “Négartiñe”, Negartiarena; ezkerrekoa dela Loiukoa eta eskumakoa Erandiokoa, errepideak banatzen ditu-eta. 

Edozelan ere, begia ez da negar egiten duen bakarra, ezen arbola-negarra ere badago, edo tipula-negarra, edo kandela-negarra. Kandela, argizariz egindakoa da -gaur egun parafinaz-, zilindro formakoa, ardatzean metxa daukana. Berez, argi egiteko erabili izan da. Dena dela, bada beste kandela mota bat ere, izotz-kandela, teilatutik tantaka jausten den ur izoztuak egiten duen izotz zatia.

Guk artikulu honetan kandela-negarra dugu aipagai negar-anpuluekin batera. Negar-anpuluak begietatik dariola doazen tantak dira, kasurako umearen negar anpuluak. Hala ere, gogoan izatekoa da pozaren pozez ere sortzen zaizkigula negar-malkoak.

Zoritxarrez, kandela-argiak kandela-negarra ere sortu izan du, ze Lapeire idazlea suak erre zuen. Etienne Lapeire euskal idazle lapurtarra da, Azkainen 1840an jaioa eta Baionan hila 1930ean. 430 orriko tomo ederra argitaratu zuen Baionan: Credo edo Sinhesten dut Esplikatua. Zenbeit hitzekin lehen zathian erlijioneaz eta fedeaz.  Aita Villasantek miresmena erakusten du Lapeireren idazlanen aurrean.

Etienne azken urteetan elbarri geratu zen. Heriotza tragikotasunean gertatu zitzaion. Mahai gainera jausi zen kriseilua, eta jesarlekutik ezin mugitu zenez sua amatatzeko, erre egin zen, eta erreduren eraginez hil.

Halako gertaerek negar eragiten digute, eta negar eginez asaskatu egiten gara. Negarra benetakoa denean, sakonetik datorkigu; ez da musker-negarra edo tipula-negarra, begiak gorri, baina bihotza lasai dituenarena. Euskal abesti ezagunak ezin ederrago azaltzen digu: “Begiak barrez barrez, bihotza negarrez. Ni zuregatik nabil, maitia, sufritzen dolorez”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).