Gaur egun, emakumezkoak eta gizonezkoak berdinak dira lege aurrean eta unibertsitatean, lan munduan eta politikan badaude emakumezkoak. Hala ere, oraindik hari-mutur solte asko geratzen dira hortik, hala nola soldaten parekotasuna egindako lan berdinagatik, edo enpresetako eta alderdi politikoetako zuzendaritza-karguetan egon ahal izatea; baina bizimodua atera dezakete eta erabakiak hartu euren gorputz eta bizitzari buruz. Hala ere, mendeetako menderatzea eta sumisioa ez dira kolpe batez desagertzen eta froga eguneroko gertaera tamalgarriak dira: tratu txar psikologikoak edota fisikoak jasotzen dituzten emakumeak, kolpekatzen, erasotzen, bortxatzen, iraintzen, gutxiesten eta hiltzen dituzten emakumeak, neskatoak ere bai. Hau hainbeste aldiz gertatzen da, ezen esan baitaiteke gure gizartea, hain aurreratua dena, egoerara ohitu egin dela.
Emakumezkoak euren giza harremanengatik, erakargarritasunagatik eta janzten duten arropagatik azaltzen dira komunikabidetan, eta oso gutxitan euren lorpen artistiko, zientifiko edo laboralengatik. Iragarkietan, neska ederrak dira protagonista; telebistan, nekez ikusten da aurkezle moduan nagusia, itsusia edo lodia den emakumeren bat, nahiz eta gizonezkoen kasuan kontrakoa gertatu; filmen protagonistak ia beti dira gazteak eta ederrak, eta batzuetan, azkarrak ere bai. Benetako bizitza beste gauza bat da. Jai-egunik ez duen etxeko andrearena da; etxera soldata ekartzen duen eta etxeko gauzak egin behar dituen emakumearena; gizonezkoena baino handiagoa den emakumezkoen langabeziarena; modu bortitzean esnatzen den neska-lagun ilusionatuarena; aurpegi txarrak, baita zartadak ere, jasaten dituen amarena; bakarrik dagoen eta baliabiderik ez duen alargunarena.
Emakumeen kontrako indarkeriak ez du gizarte-klasez ulertzen, ez kolorez edo ideia politikoez eta erlijiozkoez. Gure gizartearen esparru guztietan gertatzen da, adin-tarte guztietan eta edozein lekutan. Hura salatzea ez da ariketa “feminista” bat, batzuk esaten tematzen diren moduan, baizik eta guztioi dagokigun betebeharra, gizonezkoei zein emakumezkoei.