10etik 7 pertsonak daukie publikoaren aurrean berba egiteko trabaren bat, ehuneko 75ak antsietatea sentitzen dau, UOCek egindako inkesta baten arabera. Sasoi digitalean jasotako datuetan oinarritzen bagara, oinarrizko gaitasun hau lantzeko premina gero eta handiagoa daukagu, bai etxeko zein kaleko harremanetan, baita ikus-entzunezkoetan edota eskolan be. Ahozkotasunak ez dau bere funtzinoa galdu, e-mailek, sare sozialek, whatsappek eta emotikonoek ordezkatu daben arren; bikaintasunez egiten danean, indartsua eta inpaktuzkoa da ahozkotasun hori.
Ondo baino hobeto dakigunez, informazinoz inguratuta bizi gara, konektatuta. Hori dala eta, jakina da ahaleginik handiena ez dala informazinoa lortzea, ezpada ze informazinoa prozesatzea, laburtzea eta, batez be, eraginkortasunez komunikatzen jakitea.
Berbazko zein ez berbazko komunikazinoa eta neurokomunikazinoa (entzuten dagoanagazko konexinoa) lantzen doguz Unibertsitatean, Komunikazino Fakultadean. Bozeramaile garen neurrian, estiloak estilo, diskurtsoaren egitura izan ohi dogu abiaburu: inventio (argudioak), dispositio (ordena), elocutio (egoki formulatzea), memoria (ikasi) eta actio (esan edo adierazi). Bada, teoria oinarri harturik, azken baten, komunikatzeko gaitasuna garatzea oinarrizkoa dala irakasten da, maila pertsonalean eta profesionalean. Helburua norbere burua (eta ondokoak) behin eta barriro entzunez, modu eraginkorrean komunikatzea da eta horretarako saio pertsonalizatu nahiz modulu espezifikoak egiten dira.
Horixe falta jakulako oratoria menperatzeko, entzun eta hausnartzea, musikako terminoak gogora dakarskun moduan, erreberberazinoz. Reverb-a edo erreberberazinoa soinuaren isladapenaren ondorioa da -jatorrizko soinuari sakonera espazialaren eta zabaltasunaren sentsazinoa emoten deutsan fenomenoa-. Hau da, esan egiten dogu eta, esan ostean soinua itzultzen jaku, norbere burua barriro entzunez, hausnarketari bidea zabalduz; horretarako aukerea emoten dau reverb-ak.
Egunerokotasunaren aingura askatu ezinik jarraitzen dogu, itolarria eta urgentzia lehenetsiz. Astirik be ez dago gure ahotsa entzuteko, ez barrukoa ez kanpokoa. Geurea da aukerea. Zeren aldeko apostua egingo zeunke, irakurle, oratoria menperatu, hau da, reverb edo norbere burua sekula ez entzun, never?