Zientzia eta teknologia-jostailuak (eta dibagazioa)

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz, BTEkeko zuzendaria 2018ko urt. 2a, 11:09

a: bresser.de

Xataka.com-eko artikulu baten(1) inspiratuta, inguruan zein Interneten dauden zientzia eta teknologia-jostailuen ka­talogoak ikustera joan naiz, eta tira, itxura onik ez.

Sailkapenari dagokionez, askotan tek­nologia erabiltzen dutenak sartu egiten dira teknologikoak balira moduan.  Pau­soak zenbatzen dituen erloju bat ez dut uste jostailu teknologikoa denik; nire ustez, teknologia ulertzen edo kudeatzen laguntzen dutenak dira teknologikoak (eta beste hainbeste zientziari dagokienez).

Beste batzuetan adinik ez da aipatzen, edo okerragoa dena, aipatzen den adina ez dagokio jostailuari, eta baliteke ulergaitza edo erra­zegia izatea beste batzuetan. Hori bai, ta­malgarria da zientziari buruz ematen den irudia. Salbues­pe­nak salbuespen, mantal zuridun mutikoak agertzen dira katalogoetan, hori Einstein itxurako zororen bat agertzen ez bada… Mutikoak berriz ere argazkietan, eta neskak agertzen direnean jantziak, per­fumeak edo horrelakoak daude tartean. Iragarkietan are okerrago da. Cuenta­meren arotik ez garela irten ematen du. Neskatoak ume umetatik zaintzaileak, eta mutikoak elektronikariak, mekanikariak…

 

Garaiz gabiltza

Aukeratu ahal izateko, umeek eta gaz­teek ereduak behar dituzte. Zientzian eta teknologian emakumeek ere euren lekua badutela ikustaraziz gain(2) (3) (4), aukera eman behar diegu. Eta horretarako, hezkuntza ez ezik jostailuak eta jokoak ere ba­ditugu.

 

Snap Circuits erakoak

Elektronikako esperimentuak egiteko jostailua da. Hainbat esperimentu egin dai­tezke, erraz muntatzekoak direnak, errazenetik zailenera, eta elkar lotzen di­ren piezak erabilita (eta ez soldagailua edo erregeleta hartuta) .

 

Teleskopioak

Jostailu moduan saltzen diren gehienak ez dira oso onak (prezioan ere ikusten da). Hastapenerako, Dobson “konpaktoak” dira gomendatzen direnak. Eta za­lantzarik badaukazue, gero eta irekidura handiagoa badu, gero eta hobeto (argi gehiago sartuko da). Zaletu ezkero, or­duan bai merezi duela hobeago (eta ga­restiago) bat erostea.

 

Robotak

Denetik dago hemen. Batzuk zenbait gauza egiteko aurretik programatuta dau­de, eta mugikorretik kontrola daitezke. Dibertigarriak dira, baina robotika gu­txi. Beste batzuek programazio sinple ba­tzuk egiteko aukera ematen dute (robotika hastapenak, adinaren arabera), eta beste batzuek era desberdinetan muntatzeko aukera ekartzen dute, sarrerak, irteerak… (robotika, infinitua eta haratago! Zaleentzako jostailuak dira; osterantzean, laguntza beharko dute). Kontuz hauekin, garestiak izaten dira orokorrean eta kutxa baten amaitzeko arriskua dute.

 

Bukatzeko

Aurrekontu bat finkatu eta errespetatu. Jostailua adinerako egokia da? La­gun­tzeko gai izango gara? Halako galderak egin zeuen buruari. Jostailuek sexurik ez dute, geuk gehitzen ez badiegu.

 

 

 

(1) Así aparecen los juguetes científicos en los catálogos navideños de las grandes superficies y jugueterías, Rocío Pérez, xataka https://goo.gl/PKpSqt

(2) Emakumeak zientzian karta-jokoa, Elhuyar Fun­dazioa https://goo.gl/FijgJo

(3) Directorio de mujeres tecnólogas que han hecho Historia #WomenInTech, @Loretahur https://goo.gl/ opCWVJ

(4) Emakumeak, Zientzia eta Teknologia, Xabier Díaz Silvestre, Aikor! https://goo.gl/vy15JD

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).