Zientzia eta Teknologia denon eskura (eta denon ardura)

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria 2018ko uzt. 16a, 09:00

a: Innobasque

Ekain lainotsuko 14 eta 15ean Donostian izan den “Euskal Esperientzia Zientzia Zabalkuntzan”(1) #EEZZ18 EHUko Uda Ikastaroan izan naiz. Egitasmoak aurkezten, eskarmentuak elkarbanatzen, eztabaidatzen, talde terapia egiten eta, inoiz, elkarri mokoka ere aritu gara gai honetan nahastuta gauden hainbat eragile. Aberasgarria dena.

Bizi garen mundua hobeto ezagutzen laguntzen digu zientziak, iruzurrak detektatzen, erabakiak hartzen. Teknologiaren bidez, gizartean izan ditugun hainbat arazo konpontzeko gai izan gara. Eta ez dira neutroak. Denon mesederako erabil daitezkeen bezala, helburu berekoietarako ere erabil daitezke.  Batzuetan ondorio lazgarriak ere badituzte eta, orduan, merezi duten erabaki beharko dugu. Zeintzuen ikerketa bultzatu behar den, muga etikoak non dauden…. Denon artean erabakiko dugu edo beste batzuek erabakiko dute, horrexegatik da hain garrantzitsua horrelakoetan jantzita egotea… eta horregatik gure helburua: zientzia eta teknologia gizarteratzea.

Lau atal nagusitan banatuta (Zientzia zabaltzeko ekimenen mapa, Zientziaren presentzia hedabideetan, Emakume Zientzialarien Ikusgaitasuna, STEM(2) hezkuntza informala) eta beste komunikazio azkar batzuei esker, gure inguruan daukagun aukera askotarikoez jabetu ginen, bai eta hainbat ondorio atera ere. Zenbait azpimarratzearren:

–Gizartea inplikatu beharra dago, partaide eta protagonista izateaz gain erabaki hartzailea izan behar da.

–Zientzia eta Teknologia jakinarazi behar dira. Eta jakinarazi behar dira kasu bakoitzean dugun publikoaren araberako hizkuntzan.

–Ikerketen arabera faktore askok dute bokazio zientifikoetan eragina, ez dago garbi bakoitzaren pisua zein den. Hori bai, gero eta garbiago dago kultura zientifikoa umeengan (haur zein lehen hezkuntzan) sustatzearen garrantzia, eta umeek parte hartze aktiboa duten egitasmoen arrakasta.

–Kultura orokorrean eta kultura zientifikoa bereziki sustatu beharra dago.  Eta hortik etorriko da gizarte kultuago, justuago eta libreagoa. Ez dira gizarte aurreratuenak zientzian inbertitzen dutenak, aurreratuenak dira zientzian inbertitzen dutelako.

–Gizartearen beste arlo batzuetan bezala, oraindik ere genero desparekotasuna nabarmena da. Beharrezkoa da emakumeen bokazioak bereziki sustatzea eta berdintasuna bermatzea ibilbide profesionalean.

–Elkarlanean aritu behar gara.

–Hobeto gaude, aurrera goaz. Lana egiteko dago.

 

Bukatzeko, zenbait ekimen nabarmentzea gustatuko litzaidake:

Ondarroako Zientziaren Giltzak, Goierriko Lemniskata eta Zarautzko ZarautzON elkarteek euren herrietan hainbat ekintza eta hitzaldi antolatzen dituzte urtean zehar.  Herritarrek sortutako elkarteak dira  kultura zientifikoa zabaltzeko.  Horrelako gehiago behar ditugu, batez ere hiriburuetatik urrun dauden herrietan.

Deustuko Unibertsitateak proiektu bat baino gehiago garatu ditu emakumeen bokazio zientifikoak pizteko. “Inspira” proiektua da arrakastatsuenetakoa. Horren bidez 100 inguru emakume zientzialari zein teknologo 44 ikastetxeko 10-12 urte bitarteko 1.000 neskarekin zazpi lan saio egingo dituzte bigarren edizioan. Aholkulariaren eta nesken arteko topaketa horien helburua zientzia eta teknologiako lanbideen inguruan dituzten eragozpenak edo zalantzak argitzen laguntzea da, haien motibazioak argitzea eta, hala nahi badute, ibilbide profesional horri ekiteko behar duten autoestimua sendotzea.

Bertsolaritza eta Zientzia uztartzen dituzten “Jakinduriek mundua erreko dau” saioak, Eureka! eta Laboratorium museoak, EITBko Kosmos atala, Zientzia Kaiera bloga, EHUko Kultura Zientifiko Katedra, Aranzadi….. Ez dago hemen denetarako lekurik...  

Eta oraindik hutsuneak daude. Ekin dezagun ba….

 

 

(1) http://eezz18.dipc.org/ 

(2) STEM, Science, Technology Engeneering, Maths, Zientzia, Teknologia, injenieria eta Matematika 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).