Wired aldizkari digitala pribatutasunaz kezkatuta dago, eta horrela adierazi du "Gobernuaren zaintzatik babesteko WIRED gida" artikuluan1 (Thi WIRED Guide to Protecting Yourself From Government Surveillance ). Eta ez da gutxiagorako, Trump publiko eta biziki zoriontzeko agertu diren lehenengoen artean izan baitira enpresa digital handien zuzendariak (Facebook, Apple, Google, Amazon...).
Hasteko, pasahitz egoki eta desberdinak erabili beharko genituzke, aplikazio zein gune bakoitzeko bat. Lan honetan lagun dezaketen pasahitz kudeatzaileak erabiltzea gomendatzen dizuet. Beste guztia alperrik da, leku desberdinetan pasahitz bera erabiltzen badugu (aski litzateke aplikazio batetik lapurtzea, leku guztietara sartu ahal izateko), edo oso pasahitz sinplea bada berdin.
Ertzetik ertzerako zifratzea (end to end encryption) erabiltzen duten mezularitza-aplikazioak ere erabili beharko genituzke. Era horretan ez da bakarrik komunikazioa zifratzen; aplikazioaren zerbitzarietan ere zifratuta gordeko dira komunikazioak, eta, beraz, enpresek ezingo dituzte irakurri, eta are gutxiago hirugarren batekin partekatu. Horrela egiten dute WhatsApp, Signal, edo Apple iMessage eta FaceTime plataformek.
Gauza bera egin beharko genuke posta elektronikoari, hodeian informazioa edo argazkiak gordetzeko guneei eta erosketa-guneei dagokienez. Zerbitzarietan informazioa zifratuta gordetzen ez badute, gobernuak hala eskatuta, badute informazioa irakurtzeko aukera eta, hortaz, ematekoa. Eta zer esan sakelako telefono, ordenagailu, disko gogor eta USB memoriei buruz? Horiek zifratuta ez badaude, gailua atzitzerik duen edonork eskura ditzake datuak. Egun, sistema eragilea edozein dela ere (Android, Windows, iOS, Linux, …), zifratzeko aukera eskaintzen da, eta USB zein disko gogorretarako zifratze-lanak egiten dituzten programak ere badaude.
Saretik gabiltzala onartzen ditugun cookieak, bisitatzen ditugun lekuak, parte hartzen dugun zozketak… Informazio hori guztia erabil daiteke gure profila egiteko. Eta ez hori bakarrik: nahiz eta orain neurri egokiak hartu (TOR moduko nabigatzaileak eta VPNak erabilita eta cookieak onartu barik nabigatzea, adibidez), orain arte egindakoa jada badago sarean, eta ez da erraza (ezinezkoa, kasu askotan) arrasto hori ezabatzea.
Gauza asko gelditu dira aipatu barik (erabiltzen den bilatzailea zein adimen artifizialaren aplikazioa, Siri edo Alexa moduko laguntzaileak…), baina espero dut pribatutasunaren inguruko aholku hauek lagungarriak izatea, Ipar Amerikako soziopataren baten jomugan ez bazaude ere.
1 https://www.wired.com/story/the-wired-guide-to-protecting-yourself-from-government-surveillance/