Labasue

Erabiltzailearen aurpegia Berbalagun 2014ko ots. 5a, 00:00
Pasa den igandean, berbalagunok Lezamako “Basalbeiti” baserrian gure ohituretatik buelta bat emateko aukera izan genuen. Hain zuzen ere, labasua zer zen ikasi genuen. Lehenengo eta behin labera abiatu ginen, zapatak lohituta eta aurreko eguneko euri tantekin bustita, piztutako sua inguratu genuen. Labea itzela eta berria zen, gutxienez metro bateko diametroa bazeukan eta. Heldu ginenerako egurra nahiko erreta zegoen eta, ondorioz, labea bero. Eskertzeko beroa, aurreko egunetako umeltasuna apur bat kentzeko ondo baitzetorren. Beraz, aurreko lana eginda zegoenez, heldu orduko azalpenak entzuten hasi ginen eta horrekin batera prozesua: txingarrak labetik atera, labea garbitu eta berotasunean artoa erre. Baina azken hau egin baino lehen, sorpresatxo bat eduki genuen: lagun batek etxean prestatutako taloak urdaiarekin ekarri zituen eta labean sartu genituen gero jateko. Txingarrak labetik ateratzeko tresna Lezaman “belakia” izena zeukala jakin genuen (Labayru hiztegian begiratuta “belaikia” “belaukia” edo “berakia” azaltzen dena), eta garbitzekoa, “basinerie”. Azken hau, makil bati lotutako iratze sorta bat da, uretan sartzen dena eta labeko errauts guztia garbitzeko ezin tresna hobea dena. Amaitzeko baserrira hurbildu ginen taloak egiten ikasteko. Gazteak eta umeak izan ziren interesatuenak; nagusiei, ordea, jan eta jan joan zitzaigun goiza. Eta egia esanda, talo eta txakolin artean batzuek berba egitea ere lortu genuen, oso zeregin erreza ez bazen ere, talo eta txakolinaren kalitatea kontuan hartuta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).