Zutik jarraitzen dogu

Erabiltzailearen aurpegia Lainomendi Taldea 2009ko ira. 21a, 00:00

Testua: Belen Gana / Argazkiak: Zutik
Derioko Santiago jaiak bereziak eta hunkigarriak izan dira aurten, gure herrian agirian itxi dalako ohiturak mantentzearen garrantzia. Lainomendi Derioko dantza taldea da gaur egun, baina aurretik Zutik dantza taldea egon zan. Batak testigua pasa eutson besteari, gurasoek seme-alabei pasatako testigua legez. Zutik taldeko kide batzuei bururatu jaken lehengo partaide guztiei deitu eta ekitaldi bat prestatzea Santiagoko jaietarako. Esan eta egin. Jentea deitu, kartelak prestatu, gogotik entseatu, arropea aukeratu eta aurrera! Talde biak jaietan alkartu eta emonaldi ikaragarri polita eskaini eben. Ganera, auzokide eta senideen konplizitatea zein babesa euki eben, ekitaldiagaz guztiek egin eben bat. Plazea bete jente batu zan alardea ikusteko. Hil diran partaideen argazkiak plaza erdian kokatu ziran. Zutikeko andrak arropa dotorez jantzita eta gizonezkoak alkondara zuria eta mahoizko frakak soinean etorri ziran, eta Lainomendikoakaz pasakailean sartu ziran, Agintariena jantzatzera. Ikurriña airean danok babesten sentitu genduanean, besoetako uleak tente imini jakuzan jantzari eta ikusleoi, eta momentu berezi haretan danok egin genduan bat jantza honen esanguragaz. Ostean, Txakarrankuan jantzaria gora igo zanean, “eup” indartsu bat entzun zan jente eta jantzarien artean. Zutikeko helduek hanka goraino altxatzea ez dabela ahaztu erakutsi euskuen Banango egin ebenean jantzan. Eta andrek Kontrapas jantza dotore baino dotoreagoa eskaini eben. Ekitaldia Lainomendiko gazte eta umeen saioakaz tartekatu eben, eta unerik hunkigarriena Jota eta Arin-arina jantzan egin ostean heldu zan. Hildakoen argazkiak plaza erditik hartu eta euren senitartekoei emon eutsiezan. Negar-apuluak danon begietan; gure artean sentidu genduzan. Tradizinoaren balioa Batzuek ezin izan eben jantzarik egin, baina jantzariz jantzita egon ziran han, laguntzen. Orduko taldeko txistulariak be bertan izan ziran erdi ahaztutako piezak joten. Eta txistulari bat esku bategaz txistua jo eta besteagaz jantzak grabatzen ibili zan. Eguerdian lagun arteko bazkaria egin zan, baina garrantzitsuena danon artean sentidutakoa izan zan; gure tradizinoaren balioa eta mantentzearen sentimendua. Zaharrek ez dabe ahaztu jantzan egitea, lagunartea, herriko taldea sentitzea... eta horregaitik alkartu dira barriz, bakotxa leku ezbardinetatik etorrita be. Eta gazteek baieztatu dabe egiten dabilzana sentimendu horren jarraipena dala, eta horregaz gozatu eben. Guztiok gozatu genduan. “Izan ziralako gara eta garalako izango dira” esaera zaharra etorri jat burura. Euskaldunok gura dogunean, badogu ahalmena alkarren konplizitatea eta lana batu, eta indartsu aurrera egiteko. Eta gozatuz, ganera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).