Vista Alegre hilerriari Derioko kanposantua esan ohi zaio. Argitu beharra dago, hala ere, izan, Bilboko hilerria dela. Eta Zamudio eta Derioko lurretan daudela hilerria bera eta hari lotutako beste eremu batzuk. Gauzak asko aldatu dira inguru horretan azken urteotan. Garai batean, edonon ikusten ziren marmolgintza tailerrak; 15 baino gehiago izan ziren. Gaur egun, banaka batzuk baino ez dira gelditzen.
Beste garai bateko artelanak
Bilbok kanposantu berri eta handi bat eraikitzea erabaki zuen XIX. mendearen azken aldera, Begoñakoa txiki gelditu zitzaiolako. Txorierrin lurrak erosi, eta Vista Alegre egin zuen. Lezamako burdinbidea ere garai hartakoa da, eta arrazoi beragatik egin zuten: gorpuak eta bisitariak ekartzeko eta, horrela, hilerriari zerbitzua eman ahal izateko.
Kanposantua 1901ean inauguratu zuten. Orduan, inguru hartan zerbitzu berriak sortu beharra etorri zen. Garrantzitsuena: marmola landuko zuten enpresak. Batzuk kanpotik etorri ziren, Galiziatik, Leonetik, Italiatik, Gipuzkoatik... eta bertoko batzuek ere hartu zuten ofizioa. Esaterako, 80ko hamarraldian marmolgintza arloko 16 enpresa izan ziren. Gehienek kanposanturako egiten zuten lan, baina batzuek kanporako ere egiten zituzten lanak. Enpresa txikiak ziren, lauzpabost lagunekoak; handienak 10 langile inguru izango zituen. Hona hemen garai hartako tailer batzuen izenak: Edu Bulunburu, Hermanos Sarasola, Txaldi (aita eta semea), Azkuna, Nikolas Gonzalez, Antonio Madariaga, Lazaro Alvarez, Jose Mari Iñarra, Juan Rey. Pedro Madariaga, Elio Madariaga, Asensio Landeta, Patxi Zallo, Carlos Arevalo “Txatoâ€, Goyo Garcia, Luis Zapatero...
Luis zapatero, kanposantu ondoko tailerrean, aspaldiko argazki batean
Ohituren aldaketa
Azken 20 urteotan, aldaketa handiak izan dira gure gizartean kanposantuei eta hildakoak ehorzteko moduei dagokienez. Ohituren aldaketek eta espaziorik ezak harriaren eta marmolaren beharrizana asko gutxitzea ekarri dute. Alde batetik, gero eta gehiago dira erraustea nahiago dutenak; eta bestetik, panteoi eta sepultura gutxi egiten dira. Hilobietan jartzen den apaingarri bakarra marmolezko plaka izaten da.
Marmoldegiak ixten joan dira apurka-apurka, eta Txorierrin zortzi bat baino ez daude orain. Haietako hiruk edo lauk Txorierriko kanposantuetarako lanak egiten jarraitzen dute, baina gehienek eraikuntzara bideratu dute beren jarduna: sukaldeak egiten dituzte, atariak, fatxadak... Beste alde batetik, lanen mekanizazioak asko murriztu du langileen beharrizana. Materialen jatorriari dagokionez, berriz, ez da aldaketa handirik izan:
-Kare harria: Markinatik zekarten lehen; orain, Debatik
-Marmola: Italiatik eta Almeriatik zetorren lehen; orain ere bai.
-Granitoa: gehiena Hegoafrikatik dator, baina beste leku batzuetatik ere.
-Bestelako harriak: lan artistikoetarako erabiltzen ziren lehen; gaur egun marmol mota asko dago eraikuntzarako. Munduko leku askotatik dakartzate.
Behar diren zenbakiak sartuz makinak berak egingo du ia dena
Marmolezko artelanak
Ez da oso aspaldi burdinazko zinta luzeak, area eta ura erabiltzen zirela harritzarrak ebakitzeko. Ostean, zizela eta mailua izan ziren lanabes nagusiak. Tailerrean egin ostean, idiek tatarrez eramaten zituzten piezak jarri behar ziren lekuraino, eta palankak eta poleak erabiliz muntatzen zituzten. Gaur egun ordenagailuz maneiatzen diren makinen bidez ebaki daitezke harritzarrak, eta inskripzioak idatzi. Piezak mugitu eta euren lekuan jartzeko, kamioiak eta lumak erabiltzen dira. Beraz, zerikusirik ez. Teknikak ez ezik arlo artistikoak ere aldaketa garrantzitsuak izan ditu. Vista Alegre kanposantuan XX. mendearen hasierako artelan ederrak daude, arkitekto ezagunek sinatuak eta eskultura nabarmenez apainduak. Lucanini italiarra eskultorerik preziatuena izan zen bere garaian. Txabarri, Ibarra, Lezama-Legizamon eta Bizkaiko beste familia aberats batzuen panteoiak erdiko kale nagusian ikus daitezke oraindik. Hala ere, hilerriak lehengo handitasuna galtzen joan da denboraren poderioz, eta lan arruntagoak egin dira azken urteotan. Juan Rey, orain dela gutxi Derion hil dena, marmolgintza artelan gisa landu duen azkenetakoa da, beharbada.
Juan Isidro Zapatero "Txaldi", marmolari jubilatua
Juan Isidro Zapatero “Txaldi†“Lan gogorra izan arren, garai onenak ezagutu ditutâ€
Badira urte batzuk jubilatu zela, eta orain dela gutxi ebakuntza egin diote herniatik. Marmolgintzak utzitako gaitzak, beharbada. Marmolarien lana gogorra zela dio, baina urterik onenak bizi izan zituela, lana denontzat zegoela. “Aita Txaldi ere gaztea zela hasi zen marmolgintzan, eta neuk ofizioa hartu nuen 60ko urteetan. Ia mendea amaitu arte ibili naiz lanean. Ofizioaren bilakaera bizi izan dut; hala ere, ez dut ikusi lan ikusgarririk egitea; haiek lehenago egin ziren. Hargintza egiten genuen hasieran, eta harrizko blokeak lantzen genituen. Zizela, punta-zizela eta mailua erabiltzen ziren horretarako. Geroago, 1975. urtearen inguruan, granitoa merkatura sartu eta harri meheak hasi ginen erabiltzen. Lanak harri-xaflez egiten genituen, rotaflexak erabiliz. Lanak kanposantu askotarako egin ditut, garai hartan lan handia zegoen eta: Gernika, Balmaseda, Sopuerta, Espinosa... Guztiok denetarik egiten genuen, baina egia da batzuk trebeagoak zirela lan batzuetan; hizkiak grabatzen, adibidez. Nire garaiko gehienak jubilatu egin dira, eta marmoldegiak apurka-apurka ixten joan diraâ€